Bilboko bazter batean

Erabiltzailearen aurpegia Paulo Alberdi 2022ko ots. 25a, 08:00

Gabonetan irakurri nuen Iñigo Lopez historiakidearen Bilboko etxola batean saiakera, zeinetan aztertzen duen gerraostean gure hiriko bazterretan ugaritu zen txabolismoa. Askotan urik eta argirik ere ez zuten eraikuntza horiek aspaldiko kontua diruditen arren, liburua irentsi ondoren ezin izan dut burutik kendu oraindik ere askotariko arazoak ditugula Bilbon, bai etxebizitza-alorrean bai bazterketa sozialetan. Lehen-lehena, etxegabeena.

Iazko martxoaren 12an hil zen Piotr poloniarra, 23 urte besterik ez zuela. Udalaren aterpetxeetako batean egiten zuen lo eta, egunean zehar, Anselma de Salces kaleko supermerkatu aurrean egon ohi zen, gitarra beti eskuetan. Izkina hartantxe jarri zituzten loreak Uribarriko auzokideek eta ekinbideak eskatu zituzten etxerik gabekoen egoera hobetzeko.

Aurtengo urtarrilaren 2an hil da Angelica. Jakin dugu 40 urte zituela eta hilotz topatu zutela hiriko zentro-zentroan, Abandoko Zabalgune plazan. Bazterketa-egoeran bizi direnekin lan egiten dutenek ondo ezagutzen zuten Angelica eta, hiru egun geroago, elkarretaratzea egin zuten Areatzan. Bertan salatu zuten halako heriotzak gizartearen «porrot kolektiboa» direla.

Piotr eta Angelica. Aldian-aldian jasotzen ditugun albiste lazgarriek erakusten digute problematikaren neurria ez dela nolanahikoa. Datuek ere hori berresten dute. Udalak berriki egindako zenbaketak azaleratu du Bilbon 200dik gora lagunek igarotzen dutela gaua kale gorrian eta are gehiagok hartzen dutela ostatu hiriko aterpetxeetan. Kopuru hori aski kezkagarria ez balitz, hona gordinagoa: iazko urtarrilean jasan genuen Filomena denboralean erakundeek 636 plaza prestatu zituzten pertsona zaurgarrienak artatzeko, nahikoak izango zirelakoan, baina ohe bat bera ere ez zen hutsik geratu.

Hiriko bazterretan ezkutuan ditugun etxegabeek gogorarazten digute urrun gaudela oasi eder batean bizitzetik. Fikzio bera salatzen zuten garai batean txabolek Caños pasealekuan, Ingelesen Zelaian edo Kobetan. Iñigok berak adierazi zuen, ARGIAn egin zioten elkarrizketan, «etxebizitzaren arazoa ez dagoela inondik inora konponduta Bilbon». Alegia, etxola eta txabolena historialarion kontua izan daitekeela; ez, ordea, haren atzean ezkutatzen den etxebizitza-arazoa eta bazterketa soziala.

Bilboko etxola batean liburuaren amaieran Iñigok kontatzen digu hirian noraezean dabilenean, «deriba psikogeografikoan», nonahi ikusten dituela garai bateko etxola-auzoen kokalekuak. Testu hau idaztean, nik ere inoiz baino gertuago sentitu ditut etxegabeak eta toki ugaritan antzeman dut haien presentzia: San Anton elizaren inguruan, Unamuno plazako kutxazainean, Zubizuri pean edo Ugasko bidean. Nire trantze propioan galduta, azken egunotan sarri galdetu diot neure buruari ez ote dagoen modurik  egungo egoera etsigarria errotik aldatzeko.

Esan gabe doa ez naizela ari espazioak hesitzeaz eta horrekin arazoak estaltzeaz.