Azken boladan Euskal Herriko txoko askotan bizi izan dugu Elgoibarko bilakaera bera. Bilbon, Posta kalean antzeman dezakegu eraldaketa beste edonon baino argiago: aurki hiru hotel izango ditugu, lehen oso bestelako erabilera zuten lekuetan.
Lehendabizi kale hasierako zapata-denda itxi zuten, 2015ean. Oraindik gogoan dut La Palma saltokiko langileek hileak egin zituztela protestan, alferrik, itxiera saihestu nahian. 1927tik oinetakoek okupatzen zuten espazioa bi izar eta 40 logelako hotelak hartuko du, lanak behin betiko amaitzen dituztenean.
Bigarrena zapata-dendaren pareko banketxea izan zen, 2017an. Areatza aldeko ertzean genuen Laboral Kutxa bankuaren sukurtsala, baina badira hiru urte haren tokian lau izar eta 108 logelako hotela daukagula. Guztira zortzi solairu betetzen ditu nazioarteko kate erraldoi batek kudeatzen duen negozioak.
Azkena oihal-denda izan da, aurten bertan. Duela gutxi jakin dugu, 64 urte eta gero, itxi egingo dutela egun Rafael Matias eta lehen Gacela izena zuen saltokia. Alde Zaharra utzi eta Sarriko aldera eramango dute egoitza. Oihal koloretsuz jositako hiru solairuen ordez, beste hotel bat izango dugu, lau izar eta 50 logelakoa.
Molde horretakoak datozkigu garai berriak. Turismoak hartuko du merkataritzaren lekukoa, eta desagertu egingo da orain arte ezagutu dugun hiri-paisaia. Hori ikusirik, eta 1973tik bertan egon arren, iruditzen zait Posta kaleko 8an hobe genukeela euskaltegia itxi eta eraikinean hotela irekitzea, ezta? Euskarak baino diru gehiago emango liguke turismoak, hori ziur!