Sardinerek arraina saltzen zuten Bilboko kaleetan. Musikak egin zituen sonatu, besteak beste, Zarama talde santurtziarrak. Abesti ezagunaren letrak zioenez: «Nerbioi ertzetatik/ Santurtzitik Bilbora/ non ibiltzen ziren/ lehengo sardinerak/ inork ez dakien nondik/ irten den arrantzaz». Tamalez Bilbon ez, baina Santurtzin badute estatua bat haien omenez: kobrezko arrain-saltzaile batek zaintzen du portuko sarrera.
Zirgariek soka batetik tiraka igotzen zituzten itsasadarrera iristen ziren ontziak. Zubizuri ondoan, Dora Salazar artistak jarri zuen iaz lau emakume ilaran agertzen diren oroigarria. Hantxe gelditzen dira turistak argazkiak egiteko, nahiz eta obrak ez dituen konbentzitu nire inguruko guzti-guztiak: lagun batek esan zidan ederregiak direla irudiak, perfektuegiak, eta ez zela halakoa ziurrenik andre langile haien benetako itxura.
Bendejerek baserriko produktuak ekartzen zituzten Erriberako merkatura eta, egun, bada oraindik ere ofizioan dirauen zenbait. Liburua eta egutegia aurkeztu dituzte aurten, Labayru fundazioaren eskutik. Argazkietan ikus dezakegu zelan etortzen ziren Txorierriko baserritarrak hiriburura euren ortuetako produktuak saltzera, batzuetan astoa gainezka kargatuta eta besteetan bizkar gainean hartuta eguneko bendeja.
Latsariek eskuz garbitzen zituzten arropa eta izarak. San Anton zubiaren ertz batean dute oroigarria eta Bilbi kalean gorago, antzina harraska publikoa zegoen tokian, plaka eta azalpena: «Arropa garbitoki honetara emakumeek bakarrik zuten sarbidea, haiek ziren auzoko biztanleen garbiketaz arduratzen zirenak». Eskaera bat ere badago bertan: eman diezaiotela arropa garbitzaileen edo latsarien izena plaza hari.
Galletaginek bai, laster izango dute lekua hiriko kale-izendegian. Haien izena hartuko du Zorrotzaurreko etorbide nagusiak, bertan zegoen Artiach lantegiko emakumeen omenez. Deustuibarrako fabrika 1921ean zabaldu zuten eta 1985ean itxi, galleten produkzioa Orozkora lekualdatu zutenean. Garairik onenean, Artiachek 800 langile izan zituen, eta horietatik 500 baino gehiago emakumeak ziren.
Iragana aldatzen ari da. Historiaren ahanzturatik irteten ari dira emakumeak eta haiek egindako lanak. Berandu bada ere, iritsi da gure artera haien oihartzuna.