Zer nahi duzue esatea, bada? Ez nau konbentzitzen, kosta ahala kosta, pertsona-izenak euskarara ekarri beharrak. Oro har, izenak jatorrizko hizkuntzan mantentzearen aldekoa naiz («Karl Marx», adibidez), itzulpenaren gehiegikeriatan erortzeko arriskurik gabe («Karlos Marx»). Nahiago dut «Ortega y Gasset» idatzi, pentsalari hari «Ortega eta Gasset» deitu baino. Nire irizpidea gorabehera, liburu batean baino gehiagotan egin dut topo «Karlos Marx» eta «Ortega eta Gasset» filosofoekin.
Kontu diferentea da norberak erabakitzen duenean izena hizkuntzaz aldatzea. «Iñaki» asko dago nortasun-agirian «Ignacio» dena, eta beste horrenbeste «Jon» dira paperetan «Juan». Horietan guztietan ondo deritzot aldaketari, bakoitza delako bere izenaren jabe, eta nahi duena har dezakeelako. Buruko mina sortu zidan oroigarrira itzulita, hala ere, ez dut uste Agirre lehendakariari inork «Joseba Andoni» deitzen zionik, ez eta gizonak bere burua izen horrekin identifikatua sentituko zuenik ere.
«Agiŕe eta Lekube tar Joseba Andoni». Itzulpen horrek azalpenik izatekotan, iruditzen zait zerikusia izango duela euskararen antzinako grafiarekin eta idazkerarekin. Bietako bat: oroigarria aspaldikoa da oso, edo nostalgikoren batek sortu du. Horixe salatzen du «Agirre» abizena «Agiŕe» idazteak, «-r» bakarra eta azentu-marka erabilita.
Izenak nahieran ipintzeko aukera baliatuz gero, nik nirearekin kontrako bidea egingo nuke, euskaratik gaztelaniara. Aspaldi irakurri nuen, ez naiz oroitzen non, «Alberdi» abizenaren jatorrian «arbela» izena eta «-di» atzizkia daudela. Hau da, «Pizarro» nintzateke gaztelaniaz eta, ondorioz, aurkeztu ahalko nuke neure burua, «Pablo Pizarro», Peruko inkak garaitu zituen haren ondorengotzat.
Ez iezadazue esan gaztelaniazko bertsioan konkistatzaile izena ez dudanik!