Itxuraz, egitasmo xumea da Klasikoen Irakurketa Jarraitua: egun bakarrean, eta jende askoren artean, liburu bat irakurtzea. Egia horrek, hala ere, ezkutatu egiten du beronen antolaketak duen lan eskerga. Iruditzen zait merezi duela zeregin horiek argitara ateratzea.
Lehendabizi, bederatzi bat hilabete lehenago, hurrengo urteko liburua hautatu, irakurri eta bi minutuko pasarteetan zatitzen dugu. Martuteneren kasuan, obraren 766 orriek 1.300 pasartetik gora utzi dizkigute. Kalkulu sinple-sinple bat eginda ondoriozta dezakegu 2.600 minutu eman dugula liburua irakurtzen eta pasarteratzen (43 ordu inguru, alegia). Denbora horixe eskatzen du Saizarbitoriaren lan hau irakurtzeak.
Bigarrenik, hitzaldiak antolatzen ditugu, hiruhileko bakoitzeko bat. Hori ere erraza izaten ez den arren, ekin eta ekin, azkenean beti lortzen dugu talde dotorea osatzea. Aste honetakoa horren erakusgarri: gure letretako hiru ikur handik –Aingeru Epaltzak, Pilar Kaltzadak eta Joseba Sarrionandiak– mahai-ingurua izango dute gaur, arratsaldeko 19:00etan, Euskaltzaindiaren egoitzan. Bihar, ordu eta leku berean, Laura Mintegi eta Ur Apalategi idazleen hitzaldiak izango ditugu.
Hirugarrenik, pasarteak eta hitzaldiak lotutakoan, gonbidapenak bidaltzen dizkiegu irakurleei, eta parte hartzeko gogoz daudenen nahiak asetzen saiatzen gara. Makina bat buruhauste sortzen du ehunka lagunekin emailez aritzeak, zer esanik ez bakoitzari eskatutako ordua emateak, baina horretan ahalegintzen gara. Aurten, gainera, pasarte asko bideoan grabatuta igoko ditugu sarera, ez baitugu denborarik izango liburu osoa egun bakarrean irakurtzeko (43 ordu, gogoan izan!).
Ahaztu gabe, aurrekoak egin bitartean harremanetan egon behar izaten dugu politikariekin, babesleekin eta kazetariekin. Zenbatezinak dira egin beharreko kontuak: irratiko iragarkia grabatu, metroko kartelak prestatu, bilerak, deiak, mezuak.
Horien guztien ondoren dator irakurketaren eguna, etzikoa, baina ez pentsa hor amaituko denik kontua. Ondoren, urtean zehar izandako hitzaldi guztiak transkribatu eta liburuxka batera ekarriko ditugu eta, enteratzen garenerako, hurrengo klasikoa aukeratzen egongo gara berriro, jo eta ke irakurtzen ostera ere, pasarteak zatitzen…
Ez da nolanahikoa irakurraldiaren ekimen xumeak sortzen duen lana. Hamalau aldiz egiteko gai izan bagara, dena den, hamabosgarrenean ere baietz hala izan!