Hamar izan omen ziren, Sinai mendian, Jainkoak Moisesi jakitera eman zizkion mandamentuak. Badakizue: ez duzu gezurrik esango, ez duzu lapurtuko, ez duzu hurkoaren bikotea desio izango, eta abar. Horiei segika bizi izan dira inguruetako gizon-emakumeak mendeetan zehar, ez atseginez ziurrenik, erlijioak hala agintzen zuelako baizik.
XXI. mendeko gizarte sekularizatu eta sasi-ateoan, bien bitartean, oso bestelakoak dira boteretik iristen zaizkigun mezuak: gastatu, kontsumitu, bidaiatu, dibertitu… Horiexek dira bizi dugun garai hipermodernoaren mandamentu berriak, eta horien inguruko gogoeta eragitera datorkigu Iñigo Martinez.
Des-eraikitzean datza gakoa. Diskurtso hegemonikoei aurre egiteko, lehenik, argitara atera behar dugu ezkutatzen duten asmoa. Hainbestetan goraipatutako «ekintzailetza» kontzeptuak, esaterako, arriskua norberak hartzea dakar eta alde batera uztea sistemaren erantzukizuna. Beste horrenbeste beti «baikorrak» izateko mezuak: langabezian geratzen bazara, gizarteko arazoei erreparatu beharrean, egoeraren alde positiboa bilatu behar duzu. Ez egon triste, langabeziak aukera berriak ekarriko dizkizu!
Bereziki gustatu zait, spoilerrik egin gabe, liburuaren amaiera aldean autoreak egiten duen aldarria: filosofia alferrikakoa da hipermodernismoaren begietara, ez baita errentagarria eta denbora eskatzen baitu, baina hari esker gai gara mundua eta bertako dinamikak ulertzeko. Berdin gertatzen da historiarekin eta antropologiarekin, Amaia Nausiak duela gutxi Berrian argitaratutako artikulu ederrean azaldu duenez.
Oporraldi honetan saiatuko naiz irakurritakoak betetzen: erlojurik gabe biziko naiz, alferkerian emango dut denbora, jan eta edango dut nahi beste, damurik gabe. Gero gerokoak. Iritsiko da iraila eta harrapatuko nau berriro egunerokotasun etsiak baina, ordura arte, oporrez gozatzeko asmoa dut, filosofia anti-hipermodernoa lagun.
Umorez eta amorez, uda on guztioi.