Eguneko zereginen errepaso mentalean galtzeko zorian nagoela, nerabe batzuk gelditu dira nire alboan. Hamar bat urte izango dituzte, ez askoz gehiago, eta eskolara bidean daude. Harritu bezainbeste poztu nau euskaraz datozela entzuteak, kontuan izanda inguruan ez dutela ez gurasorik ez irakaslerik.
Zorionekoa ni. Ez dira asko izango gazte horiek bezalakoak Bilbo osoan. Gogora ekarri ditut Soziolinguistika Klusterrak 2021. urteko txostenean publikatutako datuak: gure hirian euskararen kale-erabilera % 3,5ekoa da, maila horretantxe dugu mugiezin azken urteotan, eta dagoeneko aurrea hartu digu Gasteizek (% 4,1ekoa da bertan).
Egoera iluna dugu Bilbon, nahiz eta noizean behin izaten den argi-printzarik. 2018. urteko euskaraldian, esaterako, 17.108 ahobizi eta belarriprest izan ginen hirian eta, ekimenak iraun zuen bitartean, guztiok igarri genuen euskararen presentzia ohi baino altuagoa zela espazio publikoan. Erabilera gorabehera, hizkuntzaren ezagutza hor dagoen seinale, aktibatzeko txinparten zain.
Goizeko bederatziak ere ez, eta betiko galderak buruan: euskararen edalontzia erdi hutsik ala erdi beteta dago gurean? Etorkizunera begira baikorrak ala ezkorrak izan behar dugu? Ez dut erantzuten saiatzeko astirik izan. Trantze betean, semaforoak kolore berdea hartu du, eta zebra-bidean aurrera segitu dugu, berriketa alaian gazteak, isil-isilik besteok.
Tira, dena ez da galdera eta kezka izan. Etekinik ere atera diot udaletxe zubiko itxaronaldiari: lanera baino lehen euskaraldian izena eman dut, eta telefonoan apuntatu dut Uriolako testua osatzeko ideia. Semaforoan emandako minutu guztiak horren probetxugarriak izatera, pozik geldituko nintzateke bertan goizero.