Inguratzen gaituzten eraikinek informazio esanguratsua ematen digute bizi garen munduari buruz. Haien altuerari erreparatuta, esaterako, tokian tokiko boterearen erradiografia egin dezakegu. Ez da kasualitatea luzaroan Santiago katedralak eduki izana Bilboko eraikinik altuena izatearen ohorea, XX. mendean gainditu zuten arte, lehenik BBV bankuaren plaza zirkularreko dorreak, ondoren Iberdrola enpresak Arte Ederretako museo alboan duenak.
Iberdrola dorreak 165 metro neurtzen ditu eta hiriko etxe-orratzik garaiena da, nahiz eta altuera horrek apenas egiten dien itzala enpresaren irabaziei: duela gutxi jakin dugu konpainiak 3.000 milioitik gora irabazi dituela 2022ko urtarrila eta iraila artean, eta are gehiago irabazteko asmoa du urtea amaitzerako.
Apokalipsiaren zaldunak: Eliza, bankuak eta energia-konpainiak. Erlijioek aspaldi ulertu zuten boterea erakutsi egin behar dela, jendeak ikus dezan zeinek duen agintea, eta horretarako ez da modu hoberik norberaren egoitza inguruetako altuena izatea baino. Elizaren ispiluari begira ikasi zuten banku kapitalistek zein konpainia globalek. Haienak dira orain lekurik nabarmenenak, boterea esku berrietan dagoen adierazgarri.
Badira beste eraikin batzuk, txikiagoak izanagatik, aurrez aipatutakoak bezain inportanteak direnak gure hiria ulertzeko. Belostikalen dugun La Bacalada dotoreak, adibidez, giltza ematen digu Bilbok azken urteotan izan duen bilakaera ekonomikoa ulertzeko.
Bertan kokatu zen, 1850 aldera, botxoko lehen zentro komertzial handia, El Corte Inglés iritsi baino lehen. Amann biltegiak garai berrien isla ziren, eta hala zioen egunkarian jarri zuten iragarkiak, Gran bazar moderno. 32 denda elkartu ziren Belostikaleko hiru solairuetan, eta denetarik erosteko aukera zegoen: jostailuak, arropa, turroiak, josteko makinak.
Garaian garaiko ispilua. Mende erdia baino gehiago iraun zuen Amann familiaren proiektuak, harik eta 1929. urteko krak ekonomikoarekin itxi behar izan zuten arte. Ordutik, XX. mendean zehar lokala izan da fruta-denda, Bilbon hain tipikoa izan dugun oihal-denda eta, azkenik, La Bacalada arrandegia. Oraindik erakusleihoan dago azken horren izena, ez baita horrenbeste ateak itxi zituela, eta fatxadan mantentzen da Amann biltegi handien estiloa, garai oparoagoen oroigarri.
2022 amaieran, auzoko denden aroa amaitzear dugun honetan, hiriaren informazio baliotsua eskaintzen darrai La Bacalada eraikinak. Zer dugu bertan? Atarian arropa-garbigailuz beteriko lokala eta haren ertzetako batean VT siglak, goiko pisuetan etxebizitza turistikoak ditugun seinale. Bisitariak jasotzea, horixe dugu Bilboko egungo merkataritza.
Urrunean, bien bitartean, Iberdrola dorrea dugu ikusgai.