SUSY

Erabiltzailearen aurpegia Paulo Alberdi 2022ko abe. 14a, 08:00

Gabriel Arestik lore bat topatu zuen Bilboko zimaurtegian. Hala gogorarazten digu Martzana kaiko zoruan idatzitako brontzezko esaldiak. Oraindik zimaurtegi, gure hiri grisean nik ere topatzen dut noizean behin kolore printzarik. Ez naiz Martzanako esaldiez ari, horiek ere loretzat ditudan arren, SUSY grafitigileak paretetan idatzitako perlez baizik.

Pentsatzekoa da Amelia Esteban zela Harri eta Herri obran Gabriel Arestik aipatu zuen lorea. Zorioneko sentitzen zen poeta, Melitxu topatu zuelako Bilbo deritzan infernu honetan. Hain pozik, ezen urte batzuk geroago Euskal Harria liburua dedikatu zion («zuri, zimaurretan aurkitutako lili apala, Meli»).

Nire aurkikuntzak ere emakume izena du, SUSY, nahiz eta zoritxarrez sinadura bat besterik ez den, eta ez hezur-haragizko pertsona. Aldian-aldian aurkitzen dut gure hiriko kaleetan. Begoñan, spray beltzezko esaldi baten ondoan: EL VIRUS SON LA TELE Y LOS MEDIOS; Zabalbiden, kolore morezko aldarrikapenean: YO PROTESTO PORQUE CUANDO ME PASÓ A MÍ SENTÍ CULPA; Abandon, Areatzako zubiaren ertzean dagoen dendaren pertsianan: HAZ EL AMOR, NO HORAS EXTRA.  

           

Ez dakit Gabriel Arestik zer pentsatuko lukeen graffiti horiek ikusi izatera. Nago baten bat gustuko izango lukeela, bera ere oso kritiko baitzen garaiko boterearekin. Denok ditugu gogoan bere olerkietan utzi zizkigun aldarri ezagunak: Zorrotzako portuan aldarrika («beti paratuko naiz gizonaren alde»); Esanen dute («Esanen dute hau poesia eztela, baina nik esanen diet poesia mailu bat dela»); Nire poesia («Nire poesia oso merkea da, herriaren ahotik hartu nuen debalde, eta debalde ematen diot herriaren belarriari»).

Arestiren poesia borrokalaria maite dudalako gustatzen zaizkit SUSYren graffitiak. Beste kontu bat da mezurik gabeko sinadura hutsena (Takeoa, grafitigileen hizkeran). SUSYk ere badu halakorik: Zazpi Kaleetan, zeramika-denda baten pertsianan; Abusun, parke izkinako supermerkatuaren sarreran; Boluetan, dorre berrien ondoko paretan. Horietan guztietan aurkitu ditudan graffitiak ez ditut atsegin, mezurik ez duten neurrian.

Takeoa bazter utzita, SUSY argi printza bat iruditzen zait gure hiri grisean. Gabriel Arestiren hitzak lapurtzea zilegi bazait, lorea zimaurtegian.