Euskal literatura gogoko baduzue, irakurleok, hemen natorkizue agendan gorde beharreko beste data batekin: ekainaren 8a. Egun horretantxe izango dugu, Arriaga antzokian, Klasikoen Irakurraldi Jarraia ekimenaren XVI. edizioa. Badakizue zertaz ari naizen: pasartez pasarte, eta jende askoren artean, gure letretako klasiko bat irakurtzen dugun egunaz.
Miren Agur Meabe izango dugu aurtengo protagonista eta, zehatzago, Kristalezko begi bat liburua. Ez autoreak ez obrak inolako justifikaziorik behar ez duten arren, norbaitek jakin-mina izatera, hona hemen antolatzaileok eleberri hori hautatzeko arrazoiak:
- Belaunaldia. Iaz, Ramon Saizarbitoriaren Martutene irakurrita euskal literatura biziberritu zuen belaunaldiari egin genion aitortza eta, oraingoan, haren ostean etorri den belaunaldi oparoa omendu nahi dugu. Egungo idazle saldoan, ohorezko tokian dugu Miren Agur Meabe.
- Intimitatea. Joseba Sarrionandiak noizbait esan du aurreko belaunaldiek “armairuan gordeta” zituzten intimitateak kanporatu dituztela idazle berriek. Gaiak aldatu eta begirada intimoagoak jorratu dituzte. Bikote baten haustura mingarrian kokaturik, Kristalezko begi bat gaietan zein begiradetan izandako iraultzaren isla ere bada.
III. Auto-fikzioa. Egilearen eta protagonistaren arteko muga lausoaren gainean eraikia, XXI. mende hasieran ugaldu egin zen literatura-genero hori euskal letretan. Aurten irakurriko dugun liburuko pasarte batzuetan ere, errealitatea/fikzioa planoen nahasketa antzeman dezakegu: protagonistari ezkerreko begia erauzi zioten, Lekeitio eta Bilbo artean bizi da, urriaren 7an jaio zen…
- Estiloa. Miren Agur Meaberen idazkerak narraziotik bezainbeste edaten du poesiaren iturritik, arlo horretan ere arrakasta handia izan baitu (urrutira gabe, 2021ean Espainiako Poesia Saria). Igartzen da estilo propio hori Kristalezko begi baten: batzuek testuaren lirikotasuna azpimarratu dute, beste batzuek sentiberatasuna eta sinbolismoa. Terminoak gorabehera, ez dago dudarik idazle lekeitiarrak bere-berezko idazkera duela.
- Feminizazioa. Emakumeen nabarmentzea da egungo euskal letren ezaugarri nagusienetakoa. Zerrenda luzea osatu genezake, baina batzuk aipatzearren hortxe ditugu Eider Rodriguez, Alaine Agirre, Karmele Jaio edo Katixa Agirre. Iaz, Euskadi Saria Uxue Apaolazak (narratiban) eta Irati Jimenezek (saiakeran) jaso zuten.
Itxaron momentu bat. Zer esan nahi dut, Kristalezko begi bat aukeratu dugula emakume batek idatzi duelako? Ez horregatik soilik, jakina, baina horregatik ere bai. Klasikoen Irakurraldi Jarraian bagenuen zorra emakume idazleekin, eta Miren Agur Meabek horiek kitatzen hasteko parada eman digu.
Eta, zorrak kitatzen hasita, ba al dago horretarako ariketa hoberik lehen euskal emakume idazle profesionala irakurtzea baino? Miren Agur Meabek Kristalezko begi bat publikatu zuen garaian eman zuen jauzia egun osoko idazlea izateko, eta horrekin kristalezko sabai bat eraitsi zuen gure literaturan.
Gu pozik ibiliko gara sabaitik eroritako kristal-puska horien gainean.