Proiektuaren bultzatzaileek konbentzimendu osoz diote azpiegiturak apenas izango duela inpakturik Bolintxu inguruetan. Etengabe aipatzen dute erreka gaineko biaduktuek ez dutela euskarririk izango ibarrean eta, horretarako, punta-puntako teknologia erabili dutela. Auskalo, ni ez naiz ingeniaria, eta ez dakit ezer biaduktuez.
Bertatik ibili garenok, dena den, badakigu Bolintxukoa ez dela inpaktu gabeko obra izan: mendi-bideak hormigoiz estali dituzte, igarotzeak hesiekin galarazi, argi artifizialak, makinen zarata, plastikoak eta hondakinak… Horiek guztiek ezinbestean izan dute eragina tokiko ekosisteman.
Bolintxuko obrek gogora ekarri didate Loiuko txoriek kantua ordubete aurreratu zutenekoa. Lorea Argarateri irakurria diot: Txorierriko aireportua abian jarri zenean, zeina gauez itxita dagoen, hegazkinen lehen irteerek eta txorien goizeko kantuek bat egiten zuten. Handik denbora laburrera, bizilagunak ohartu ziren txoriek ordubete aurreratu zutela egunaren hasiera, motor handien zaratak haien kantua isilarazi ez zezan.
Izaki bizidunok etengabe egokitzen gara inguruko baldintzetara. Okerrenetara ere bai: izurritera, gerrara, lau urte luze iraun duen obrara. Gaitasun miresgarria dugu egoera latzenetan aurrera egiteko. Espero dezagun, Loiuko txoriek egin zuten antzera, Bolintxu ibarreko ekosistemak ere bizirik segitzea, makina guztien gainetik.