Museokoak

Erabiltzailearen aurpegia Paulo Alberdi 2023ko api. 14a, 10:11

Pedro Mariren harri-jasotzailea. Argazkia: Paulo Alberdi.

Euskal Museoko obren ondotik pasatzen naizen bakoitzean, neure buruari galdetzen diot ateak irekitzen dituenean han jarraituko duen birraitonaren argazkiak: Eibarko zezen-plaza erdian, animoka, anaiak 187 kiloko harria altxatu bitartean.

Ez dakit kontu handirik Francisco Txurrukari buruz: 1895ean jaio zela Olatzen, Larruskainera ezkondu zela, 36ko udazkenean Elgoibarko kartzelan sartu zutela eta 37ko udaberrian itzuli zela etxera, fronteak mendebaldera egin zuenean. Hiru alaba eta seme bat izan zituen, baina mutila gaztetan hil zitzaion. Paulo zuen izena.

Birraitonaren anaia, Pedro Mari, harri-jasotzaile famatua izan zen. Aritza baserritik ezizena hartu eta 1925eko txapelketa nagusia irabazi zuen, 187 kiloko harria 21 aldiz altxatuta. Egun hartakoa da, hain justu, Euskal Museoko argazkia.

Kontu gehixeago dakit Aritzari buruz. Erreportaje batean irakurria dut egunean bi dozena arrautza jaten zuela eta, behin, medikuari galdetu ziola ea hiru dozena jaterik zuen. Medikuaren erantzuna argia izan zen: «zuk jasango zenuke horrenbeste, inguruko baserritarrek igual ez». Izan ere, harri-jasotzailearentzat ziren Olatzeko arrautza ia guztiak.

Ondo konpondu bide zen auzokoekin. Sari bat irabazi zuenetako batean, agindu zioten argindarra eramango zutela bere baserriraino. Aritzak, baina, lanak bailara erdiraino luzatzeko eskatu zuen, halatan bizilagunek ere izango zutelako elektrizitateaz gozatzeko aukera.

Hiru belaunaldi baino ez dira pasa, eta dagoeneko museokoak dira Francisco Txurruka (Praixko) eta Pedro Mari Txurruka (Aritza). Horrek ematen digu aditzera denbora zein azkar igarotzen den eta zelan aldatzen den mundua belaunaldi batetik bestera.

Zalantzarik gabe, gure ibilerak ere museokoak izango dira, hiru belaunaldi baino lehen. Museokoak, horretarako merezimendurik egiten badugu. Nire kasuan, agertzekotan, triatloi probaren bateko helmuga bazterrean izango da, arrebari txaloka.