1972an, euskara hizkuntza zapaldua zen. Baziren lau urte Euskaltzaindiko kideek euskara batua adostu zutela Arantzazuko batzarrean, baina oraindik ez zegoen araututako irakaskuntzarik, ez eta inolako titulurik ere. Artean hiztunak euskaraz alfabetatzeak zuen garrantzia, euskaldun berriak sortzearen gainetik. Ez dugu ahaztu behar eskolan gaztelaniaz soilik ikasten zela.
2023an, euskara hizkuntza ofiziala dugu. Euskara batua erabat onartua dago, Euskaltzaindiak zorrotz ezartzen ditu arauak, titulu-sorta zabala dugu (A1etik C2ra) eta ume gehienek D ereduan ikasten dute. Aurrerapenak handiak izan badira ere, distira guztiak ez dira urre: 80ko eta 90eko hamarkadetan gorakada izugarria izan ostean, azkenaldian euskararen joera gelditzekoa da.
50 urte igaro dira. Historiako orrietara pasa ziren Franco lehenik, trantsizioa gero, iraultza sozialaren ametsak azkenik. Garai berriak bizi ditugu, eta ez politikan soilik. Musikan, Rosalíak ordezkatu du Nino Bravo eta Zetak taldeak Benito Lertxundi. Bertsolaritzan, Maialen Lujanbio dugu egungo Uztapide. Kirolean, Williams anaiek hartu dute Clementeren lekukoa.
Garai berriotan, baliteke euskararen egoera hobea izatea iraganekoa baino. Hala ere, hizkuntza bultzatzeko beharrak hortxe dirau, beti bezain beharrezko: 1972an Clementek ez zuen euskaraz egiten eta 2023an, aitzakiak aitzakia, williamsdarrak ez dira hitzik esateko gai.
Ikusiko dugu etorkizunak zer dakarren. Baikorrak izanda, euskaltegiek badute beste 25 urterako lana; ezkorrak izanda, 50 urte ere izan litezke.