Ostiraleko poteora bidean ikusi genuen pintada, Urazurrutia kale ertzean: FUCK THE POLIS. Hiriko paretetan sarri topatzen ditugunez All Cops Are Bastards eslogan antipolizialaren akronimoa (ACAB) eta haren zenbakizko bertsioa (1312), lagunok barre egin genuen. Nola da posible pintadaren egileak ez jakitea ingelesez POLICE idazten dela, eta ez POLIS?
Ni poztu egin nintzen ikustean ortografia ez dela soilik gure hizkuntzaren arazoa. Gogoan hartu nituen paretetan euskaraz irakurritako hanka-sartzeak, guztietan azkena Eibarren: GAZTE ALTSA, HASI DA IRAULTSA. Halakoetan, algararekin batera kezka sortu ohi zait, akatsok euskararen egoera kaskarraren islatzat baititut; ingelesezko errakuntzak, berriz, aho beteko irribarrea eragin zidan.
Astebetera, berriro ere ostirala eta kale berean, beste pintada bat ikusi genuen: AUZOA. Letra traketsez idatzia, hitz bakarra, akasgabea. Besterik esaten ez zuen arren, guk berehala antzeman genion esanahia (auzoa vs. polisa), eta jabetu ginen aurreko asteko pintada ez zegoela oker. Gu geunden oker: FUCK THE POLIS ez zen poliziaren aurkako pintada, hiri-ereduari buruzkoa baizik.
Deskubrimenduak zapore gazi-gozoa utzi zidan: batetik, penatu nintzen ikustean pintadak ortografia zuzena zuela eta, horrenbestez, hormetako akatsek euskararen erreinu esklusiboa izaten jarraituko dutela; beste aldetik, aitor dut gustatu zitzaidala mezu deskubritu berria. PIKUTARA HIRIA.
Auzotarrentzat gero eta gaitzagoa da Bilbon bizitzea; kanpotarrentzat, bien bitartean, gero eta erakargarriagoa da hona bidaiatzea. Kalean ibili besterik ez dago hazkundearen tamainaz ohartzeko, eta duela gutxi Aburtok adierazi du bi urteko epea dugula hiriaren muga turistikora iristeko. Bi urte, Bilbok bisitariz gainezka egiteko eta auzoek auzo izateari uzteko.
Bi urte baino ez, eta pikutara hiria. ACABo Bilbo, Fuck our Polis.