Abandon dute hiriko errenta altuena, 42.000 euro pertsonako; beste muturrean, Otxarkoagan eta Uretamendin doi-doi iristen dira 13.000 eurora.
Begoña da zahar gehien duen auzoa: bertako bizilagunen % 35ek du 65 urte edo gehiago. Miribillan, berriz, adinekoak % 7 baino ez dira.
Santutxun pilatzen da jende gehien (ia 31.000 lagun) eta San Frantziskon kanpotar gehien (hirutik bat). Deustuko Erriberako bizilagunak 400 ere ez dira, eta 2023. urtean ez zen inortxo ere jaio bertan.
Iazko hauteskundeetan, PSE izan zen alderdi bozkatuena Peñascalen eta EH Bildu Atxurin. PPk eta VOXek erdigunean izan zituzten emaitza onenak.
Indautxuko gizon-emakumeen bizi-itxaropena Txurdinagakoena baino sei urte handiagoa da: batzuk 80 urtetik gora biziko dira, besteak ez dira 75 urtera helduko.
Soziologoek diote bizilekuak eragina duela gure mundu-ikuskeran. Beste horrenbeste errentak, adinak, migrazioak, boto-asmoak eta osasunak. Guztiek bat egiten dute munduan egoteko gure era osatzeko.
Ni, egia esan, identifikatuta sentitzen naiz nire auzoarekin. Alde Zaharrean ez gara aberatsenak, ez pobreenak, ez zaharrenak, ez gazteenak. Luzeen biziko garenak ere ez. Ez zuri eta ez beltz, tropelekoak gara, inon nabarmentzen ez diren horietakoak.
Iruditzen zait kolore gris horrek ondo definitzen nauela.
Barkatuko didazue urtea oso baikor ez hastea, baina inguruetako errealitateak ez du laguntzen, ezta?