Kolaborazioa

Pertsianak

Erabiltzailearen aurpegia Paulo Alberdi 2024ko ots. 6a, 11:23

Gustatzen zait paretetako grafitiei eta balkoietako aldarriei begira ibiltzea. Kolorea eta nortasuna ematen diete gure kaleei, eta beste horrenbeste egiten dute taberna eta dendetako pertsianek. Zelako aldeapertsiana hutsen eta irudi deigarridunen artekoa!

Ez dut sinesten espazio publikoa neutroa denik. Hori diotenek, normalean, euren mezuak irentsarazi nahi izaten dizkigute. Hortxe ditugu eraikin ofizialetako banderak, ikurriña batzuetan eta española besteetan, beti ere neutraltasunaren izenean haizatuak.

Ni sinetsita nago espazio publikoa aldarrikapenerako tokia dela. Horrexegatik gustatzen zaizkit leihoetako banderak (greba feministari buruzkoak, errefuxiatuen aldekoak, euskaraldikoak) eta hormetako graffitiak (ISRAEL GENOZIDA da azken boladan gehien irakurri dudana).


Hormen eta leihoen familiakoak dira pertsianak. Badaude batzuk estetikagatik gustuko ditudanak: El Perro Chico tabernakoak edo Hika Ateneo espaziokoak. Beste batzuk, berriz, mezuagatik atsegin ditut: Zazpikale tabernakoak edo Xake espaziokoak. Autitaurinoen dendako erakusleihoa ere ederra iruditzen zait, nahiz eta lokalak ez duen pertsianarik, eta bertatik pasatzean ikusten duguna poster soila izan.

Nervion tabernakoa dut, dena den, pertsiana guztien artean gogokoena. Maiatzaren biko kale ertzean, irudi berean uztartzen ditu kolore arrosa bizia eta mezu feminista zuzena.

Hainbeste lokal itxita ditugun garaiotan, baten batek esango dit badela kontu inportanteagorik komertzioetako marrazki eta mezuei begira egotea baino. Ziurrenik arrazoi izango du, baina, zer esango dizuet nik, bakoitzak bere zoroa bizi du, ezta?

Eztabaidatzeko prest nago norbaitek pertsiana hoberik ezagutzen badu.