Irakurle batek baino gehiagok pentsatuko du huskeria dela bidegorria moztuta izatea, baditugula Bilbon hamaika kontu hori baino lehenagokoak. Nekez egin nezake iritzi horren kontra. Ez dezagun gutxietsi, hala ere, gauza txikien garrantzia: balio dute arazoen funtsa ezagutzeko eta kontu handiagoak ulertzeko.
Bilboko udalak dio ez duela lur-jauzia gertatu zen eremuaren jabegoa eta, ondorioz, ezin duela lanik egin bertan. Baimena behar omen du horretarako. Kai gainean aldirietako trenbidea dagoenez, udalean hasiera batean pentsatu zuten lurra Adifena zela. Geroago konturatu ziren Portuko Agintaritzarena zela eta, amaitzeko, jabetza gorabehera bi erakundeen oniritzia behar zutela konponketa egiteko.
Bata dela bestea dela, pasealekuan ditugu hondakinak. Gauza txikiek balio duten heinean arazoen funtsa ezagutzeko, Zorrotzako lur-jauziak erakutsi digu gure administrazioetako burokrazia zer den; eta balio dutenez kontu handiagoak ulertzeko, metro kubiko gutxi batzuk mugitzeko ezintasuna ikusita inor ezingo da harritu, esaterako, AHTa Bilbora heltzeko pilatutako atzerapenekin.
Hori gutxi balitz bezala, irakurle, galdera batzuk egiteko ere balio dute txikikeriek: horren luze joko luke lur-jauzia konpontzeak, Zorrotzan beharrean, Uribitarten gertatu balitz? Erakundeen utzikeriak zer adierazten digu gure hiriko bidegorri-sareaz? Zaratarik egin ezean, ez dago konponbiderik?