1981eko otsailaren 16an eman zioten azken agurra Joxe Arregiri Zizurkilen. Heriotzaraino torturatua, antza familia eta herria ez zetozen bat haren memoria aldarrikatzeko orduan: batzuek batera nahi, besteek bestera. Hala kontatzen digu Xabier Mendigurenek Oso latza izan da liburuan, eta galdera interesgarria planteatzen digu: “Norenak dira hildakoak?”.
1982ko udan, bestalde, gudari batzuen gorpuzkiak atera zituzten lurpetik Urkaregi aldean, Elgoibar eta Markina artean. Zehazki sei izan ziren desobiratuak, eta identifikazio-lanek haien identitatea argitu zuten: Paulino Beraza Madariaga, Felipe Elorriaga Larrea, Blas Larrazabal Inunziaga, Juan Zabala Loza, Anbrosio Etxebarria Uriarte eta Jose Txintxurreta Zamakona.
Gudariok 45 urte zeramatzaten lurpean, 1936ko irailetik. Begoñakoak ziren, Zubiaur konpainiako boluntarioak, eta Ziardamendiko borrokaldian eman zuten azken hatsa, Molaren tropak Bizkaian sartzea eragozteko ahaleginetan. Egoerak behartuta, inguruko baserritarrek mendi-magalean eman zieten lur, eta bertan igaro zuten frankismo osoa.
1982tik Bilboko hilerriko panteoi batean daude Begoñako sei gudariak. Hara lekualdatu zituzten Elgoibartik, eta geroztik Pikaza familiak utzitako hilobian daude. Lurperatzeko ekitaldian, entzuleen artean Bilboko alkateordea zela, Euzko Gudarosteko kapitain Roberto Candinak “Euzkadik ez ditu bere seme-alabak ahazten” egin zuen aldarri.
Bada, orain, Bilboko udalak bertatik atera nahi ditu gudarien gorpuzkiak, hilobiaren kontzesioa amaitu zaiela-eta. Salgai jarriko du pikazatarren panteoia. Familiek, bien bitartean, bertan geratu daitezela eskatu dute, eta gogorarazi dute biktima haiek ezin direla herritar arruntak balira bezala tratatu.
Ezinbestean, udalaren eta senideen arteko eztabaidak Zizurkilgo plazara garamatza, eta Xabier Mendigurenek planteatutako galderara: “Norenak dira hildakoak?”. Hari beretik galdera gehiago egin ditzakegu: Nork du iraganeko gertaeren memoria mantentzeko ardura? Nork gure historia kontatzekoa?
Ez dira errazak erantzuten galderok. Ziurrenik halako injustizien biktimak ez dira inorenak esklusiboki. Familiarenak dira, jakina, baina baita haien lagunenak ere, herrikideenak, eta zergatik ez instituzioenak. Azken batean, gizarte osoari dagokio haien lekukotza oroitzea, eta asmo horretan denok batera bultza eginez gero, askoz hobe.
Zizurkilgo agurrean, familia eta herria bat ez zetozela ikusita, Joxe Arregiren amak hitza hartu eta esan omen zuen: “Herriak eskatzen badu, nik nola ukatu?”. Halatan jarri zuten hilkutxa herriko plazan, eta hantxe agurtu zuten senideek, auzokideek, lagunek, guztiek.
Begoñako sei gudarien kasuan, Bilboko udalak egin beharko luke galdera: “Familiak eskatzen badu, nola guk ukatu?”. Juan Zabala Lozaren bilobak eskatu du bere aitite ez dezatela berriro desobiratu. Bilboko hilerrian dute familiaren memoria-lekua, 1982an hara eraman zutenetik. Hantxe agurtu zuten ekitaldi hunkigarri batean, Euzko Gudarosteko ordezkaria nahiz Bilboko udalekoa presente zeudela. Ez zen kasualitatea izan, gainera, bertaratutakoa alkateordea izatea: hilobiratutako sei gudari haietako bat bere aita zen.
Bilbon ere, zein beharrezkoa dugun memoria egitea.