Giza zientzietako aditu askok diote gizarte modernoaren ezaugarri nagusietako bi direla indibidualismoaren gorakada eta proiektu kolektiboen ahultzea. Nolabait esateko, txanpon beraren bi aldeak dira: gero eta geurekoiagoak gara, eta ingurukoen kezkak gero eta gutxiago interesatzen zaizkigu.
Egungo egoera, beste askoren artean, Zygmunt Bauman soziologoak landu zuen modernitate likidoa kontzeptuan eta, gurera etorrita, Iñigo Martinez filosofoak Mandamentu hipermodernoak saiakeran. Bada, errealitate gordina horrelakoxea dugun arren, etorkizuna ez dago idatzita, eta badugu zerbait egiterik.
Azken batean, egunean zehar hartzen ditugun erabaki guztiak politikoak dira, eta eragina dute gure inguruan: erosketak auzoko dendetan egiten baditugu, dirua auzokideen poltsikoetan geratuko da, eta ez batek daki nongo enpresa handienean; elektrizitatea, Internet edota bankuko kontuak kontratatzean hurbileko konpainietara jotzen badugu, haiek jasoko dituzte etekinak, eta ez ehunka kilometrotara dagoen norbaitek; zer esan korporazio globalei buruz, haientzat ez zara hezur-haragizko gizakia, zifra soil bat baizik: 0004712 bezeroa.
Badakit guztiok ditugula kontraesanak eta ezinezkoa dela egun osoa hausnarrean ematea, zer, non eta nola kontsumitu. Gehixeago ala gutxixeago, hala ere, gure esku dago inguratzen gaituen komunitateari gure ekarpena egitea.
Nik URIOLA ere modu horretan sentitzen dut. Txikia eta bertakoa, gure komunitate birtuala da. Horrexegatik parte hartzen dut bertan, eta horrexegatik animatzen zaitut, irakurle, zure iritziak gurekin partekatzera.
Hiriko dendetan nola, hala jokatu dezakegu sarean. Auzoan eta elkarrekin.