Komunitatea

Zaila eta erraza

Erabiltzailearen aurpegia Paulo Alberdi 2024ko ira. 9a, 11:52

Ikasturtea hastearekin batera, betiko kexa euskaltegiko pasabideetan: «zer zaila euskara!». Eta zailtasunez mintzo, klasikoetako bat izan ohi da gure hizkuntzan badaudela hainbat termino eta kontzeptu gaztelaniaz existitzen ez direnak. Anaia-neba-arreba-ahizpa ezberdintzea, esaterako, gaztelaniazko hermano-hermana ezin sinpleagoen aldean.

Nekez konbentzituko dugu inor ez dela horren konplikatua familia euskaraz ikastea baina, aukeraren bat izatekotan, estrategia ona izan daiteke gure hizkuntza munduko beste batzuekin konparatzea. Adibide batzuk aipatzearren:

Amets Arzallusen bidez jakin genuen Ginea Konakryn 25 hizkuntza hitz egiten direla, eta, horietako batean, adina izaten dutela kontuan senideak izendatzeko: pular hizkuntzan koto da anaia handiari ematen dioten izena eta miñan anaia txikiari. Gineako norbaitekin ondo komunikatuko bagara, beraz, anai-arreben artean duen posizioa kalkulatu beharko dugu mintzatu bitartean.

Sistema korapilatsuagoa dute inuitek. Euskaldunek egin antzera generoa eta ginearren antzera adina, biak konbinatzen dituzte familiaz jardutean. Neska batek, adibidez, termino bat erabiliko du neba nagusiagoarentzat (an-ning’-ä), beste bat neba gazteagoarentzat (un’-kä), hirugarren bat ahizpa nagusiagoarentzat (Ang-a-yu’-ä) eta azkena ahizpa gazteagoarentzat (un’-kä-hä).

Euskara, pularra eta inuita, nolanahi ere, errazak dira Sudan inguruko hainbat hizkuntzak darabilen terminologiarekin alderatuta. Bertan, lehengusu-lehengusina guztiak ezberdintzen dituzte, izan aitaren anaiaren aldekoak, izan aitaren arrebaren aldekoak, amaren ahizparenak… Zortzi kategoria guztira, guk izen parearekin adierazten duguna izendatzeko: lehengusua eta lehengusina.

Azken batean, euskara ere erraza izan daiteke, konparaketa zein den. Hobeto esanda: nondik begiratzen zaien, hizkuntza guztiak dira zailak eta errazak.