Zenbait astez pilatutako tentsioak azaroaren 23an egin zuen eztanda. Polizia bortxaz sartu zen ontziolan, langile bat balaz zauritu zuen eta beste bat bihotzekoak jota hil zen. Biharamunean, hala ere, Barrionuevo ministroak El País egunkarian adierazi zuen poliziaren jokaera akasgabea izan zela.
Euskaldunako istiluetatik 40 urte beteko diren honetan, gogora etorri zait noizbait Joseba Sarrionandiari entzundako gogoeta. 1970eko hamarkadan idazten hasi zenetik gaur egunera euskal literaturan zer aldatu den galdetuta, esan zuen hausnarketa bikoitza egin behar dela: zer lortu eta zer galdu dugu urte hauetan?
Sarrionandiaren ustez, euskal literaturaren lorpenen artean daude lengoaia literario bat sortu eta berau nazioartean homologatu izana. Galeren sakuan, berriz, hizkuntzaren ahozkotasuna eta musikalitatea. Hiztun elebakarrak desagertzearekin batera, euskarak galdu ditu aurreko belaunaldietan berezkoak zituen zenbait ezaugarri.
Era horretako balantze historikoa Euskalduna ontziolara ekarrita, zer irabazi eta galdu dugu 40 urte hauetan?
Irabazi dugu arnasgune bat hirian, paseo luze bat Arriagatik Karola garabiraino. Trantsizio-garaiko Bilbo grisak kolorea hartu eta epe laburrean lortu du turismoaren jomugan kokatzea. Urtean milioitik gora bisitari jasota, esan dezakegu gure hiria inguruko helmuga turistikoekin homologatu dugula.
Zer galdu dugu? Batez ere galdu dugu industria-lanpostu mordoa. Duela 50 urte sektorearen pisua ia %50era iristen zen EAEko ekonomian (300.000 lanpostu inguru) eta gaur egun %20koa baino ez da (180.000 lanpostu). Urrutira joan gabe, Euskaldunak 2.471 langile zituen ixteko agindua jaso zuenean.
Horrekin batera, beharbada, galdu dugu aurreko belaunaldien ezaugarrietako bat: herritarren arteko elkartasuna. 80ko hamarkadan inork ez zuen zalantzarik protestaren bidez lortzen zirela gizarte-mailako aurrerapenak. Euskaldunan ere, itxiera saihestea lortu ez zuten arren, borrokari esker langileek dezente hobetu zituzten euren kaleratze-baldintzak.
Euskal literaturan bezalaxe, azken balantzeak argi-ilunak ditu Euskaldunan.