ERREMATEA

Erabiltzailearen aurpegia Paulo Alberdi 2024ko abe. 11a, 08:40

Abenduko zutabe honekin amaituko dut urtea Uriolan. Erremateko testua zeri buruz idatzi erabaki nahian igaro nuen asteburua, harik eta Posta kalean argia ikusi nuen arte. Argia, edo zehatzagoa izateko, Athleticeko figura bat kaka egiten.

Horixe dugu turismoaren azkena Bilbon: caganer denda. Zer demontre, baina! Wikipedian irakurri dudanez, Kataluniako apaingarriak dira, Gabonetan Jaiotzako izkina batean kokatzen direnak, oparotasunaren sinbolo. Tradizioan gerriko eta barretinaz jantzitako payés baten itxura zuten, baina gaur egun pertsonaia famatuena ere izaten dute: Messi, Rosalia, Puigdemont…

Berrikuntzak berrikuntza, hemen guztiz arrotzak ditugu caganer direlako horiek. Irudiok ez dira gure tradizioaren parte, eta, barkatuko didazue, nik behintzat ez diot zentzurik ikusten gure hirian horrelakoak hauspotzeari. Berdin flamenkoa eta paella. Kontu bat delako gure ikurrak souvenir bihurtzea (kritikagarria) eta beste bat oso diferentea kanpokoak bertakotzat saltzea (negargarria). Badago aldea bien artean, ezta?

Bada, azkena horixe dugu: Olentzero kaka egiten, ondoan Iñaki Williams duela. Urteko azken errematea… ea 2025ean zer dugun!