Afrika iparraldeko jatorrizko biztanleak, amazigak garai batean bereber izenaz ezagutzen genituen. Gaur egun alde batera utzi behar dugu termino hori, gutxiespenekoa baita: latineko barbarus hitzetik omen dator, eta eurozentrismo kutsu nabarmena du. Era berean, baztertzekoak ditugu boskimano, eskimal, komantxe eta beste hamaika izendapen.
Amazigak Ipar Afrikan bizi ziren arabiarrak bertara heldu baino lehen. Etorrera harekin erlijio eta hizkuntza berria jaso zituzten arren, jakin zuten euren antzinako kultura gordetzen. Jazarpen guztien gainetik eutsi diote mendez mende eta, hein horretan, lagunak esan zidan antza handia dugula euskaldunok eta amazigek.
Penaturik zioen, dena den, hemen inork gutxik ezagutzen duela amazig kultura, eta uste hedatua dela magrebtar guztiak arabiarrak direla. Ni literaturak salbatu ninduen. Aspaldi batean irakurria nuen Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? saiakera, eta gai izan nintzen bizpahiru ideia txukun osatzeko gaiari buruz. Laguna harrituta geratu zen, baina are gehiago harritu ninduen ni berak Euskal Herriari buruz zuen jakin-minak. Nahi nuke hemen jaiotako askok horrelako ardura izatea.
Urte berrirako, lagunak hitz eman dit euskara hobeto ikasiko duela eta Sarrionandiaren liburua irakurriko duela. Nik asmo apalagoak ditut: konformatzen naiz amazigeraz esaldi solte batzuk egiteko gai izatearekin.
Ea bada zer dakarkigun 2975. urteak. Ikusiko dugu. Ad nẓer.