Pausoak eta kilometroak

Erabiltzailearen aurpegia Paulo Alberdi 2025ko ots. 11a, 09:57

Gabonetan smartwatch bat jaso nuen opari, den-dena neurtzen duen horietakoa: egunean zenbat kaloria erretzen dudan, ilunabarra zer ordutan den, unean uneko bihotz-maiztasuna, emandako urratsak... Berritasun horiek guztiak jasota, irakurle, ezin dizut ukatu urte hasiera honetan entretenituta ibili naizela.

Horrela, jakin dut etxetik lanera 600 pauso egiten dudala. Goizean beste 1.500 pauso egiten dut lantokian gora eta behera, eta lanetik etxera 600 pauso atzera ere. Ogia erostera desbideratuz gero, baina, 1.000 pauso izaten dira.

Korrika egitera noanean, ikasi dut Arriaga-Euskalduna joan-etorria 8.000 urrats direla. Orain arte kalkulatuta nuen 6 kilometro inguru zirela, baina smartwatch berriari esker deskubritu dut 6 kilometro 8.000 urrats direla; eta, hiruko erregela eginda, kalkulatu dut erlojuarentzat nire pauso bakoitza 0’75 metro dela. Beraz, etxetik lanera ditudan 600 pausoak 450 metro dira.

Informazioa osatzeko, 10.000 urratsetara iristen naizenean, erlojuak mezu bat bidaltzen dit eta esaten dit eguneko helburua bete dudala. Beste horrenbeste 656 kaloria erretzen ditudanean. Zergatik zifra zehatz hori, 656 kaloria? Bada, ideiarik ez, baina gailuak orduantxe igortzen dit abisua. Kontuan izanda etxetik lanera joatean 30 kaloria baino ez ditudala erretzen, eta beste horrenbeste itzultzean, 10 aldiz joan eta etorri beharko nuke 656 kaloriako helburu hori betetzeko.

Ikusten duzu, irakurle, entretenitu egin nauela den-dena neurtzearen kontu honek. Aldi berean, hala ere, aitortu behar dizut obsesio puntu bat ere sorrarazi didala: orain ez banaiz 10.000 pausotara iristen, edo ez baditut 656 kaloria erretzen, sentitzen dut ez dudala eguneko helburua bete, eta frustrazio txiki batek hartzen nau.

Hala, erabaki dut ahal dudanetan smartwatch gabe ibiliko naizela. Nire osasunak eskertuko du.