ETXE HONETAN

Erabiltzailearen aurpegia Paulo Alberdi

Ez dakit zuri, irakurle, baina niri interesgarriak iruditzen zaizkit gure auzo udal plakak. Gustatzen zait aldian-aldian halakoekin topo egitea:

  • Etxe honetan jaio zen Miguel de Unamuno y Jugo (1864-1936) idazle eta filosofo ospetsua. 98ko Belaunaldiko kidea izan zen.

 

  • Etxe honetan jaio zen Teófilo Guiard Larrauri (1876-1946) kronikaria. Bilboren, Kontsuletxearen eta ontzigintzaren historiari buruzko lanen autore famatua izan zen.

 

  • Etxe honetan jaio zen Rafael Moreno Aranzadi, Pichichi (1892-1922). Athletic-eko jokalaria, lehenengo futbol-jokalari profesionala izan zen.

 

  • Etxe honetan jaio zen Jose Antonio Agirre Lekube (1904-1960). Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakaria (1936-1960). Parisen, erbestean, hil zen.

 

  • Etxe honetan bizi izan zen Simon Bolivar (1783-1830). Askatzailea, espainiar monarkiaren Hego Amerikako nazioen independentziaren aitzindaria.

Oro ez da urre, hala ere. Aurrekoan itsasadarraren bestaldean izan nintzen, eta Erripa kalean ez nuen aurkitu bertan espero nuen plaka:

  • Etxe honetan bizi izan zen Bizenta Mogel Elgezabal (1782-1854) idazle eta itzultzailea. Euskaraz liburu bat publikatu zuen lehen emakumea izan

Ez dakit zergatik, irakurle, baina han ez zegoen inolako oroigarririk.