Txinparta programan ezagutu nuen M., joan den urteko azaroan. Ekimen horrek bilbotarrak eta migratzaileak harremanetan jartzea du helburu, eta, bikoteka elkartuta, astean behin hitzordua izateko konpromisoa besterik ez du eskatzen. Parte-hartzaileen esku geratzen da planak adostea.
Ezagutu nuenean, M.-k bi urte baino ez zeraman Bilbon, Aldundiaren etxe batean bizi zen beste bost magrebtarrekin batera eta DBH ikasketak egiten ari zen Somorrostron. Goizetan, 6:30ean esnatzen zen eskolara joateko, autobusa eta trena kateatuta. Arratsaldeetan, GKE batean laguntzen zuen, eta aldian-aldian bere bizipenak kontatzen zituen institutuetan. Astean bitan, ostegun eta ostiraletan, euskara ikasten zuen Barakaldoko euskaltegian, 19:30etik 21:00etara.
M.-k euskara ikasteko gogoa du. Badaki hizkuntza gutxituen egoera zein zaila den, amazigera baitu ama-hizkuntza, ez arabiera. Borroka askoren ostean, pixkanaka lortzen ari dira amazigerak lekua izatea Magreben, baina haientzat ere erronka handia da hizkuntzaren transmisioa.
Ikasturte honetan M. lan-praktikaldietan hasiko da. Astean hiru egunetan ikasi eta bitan praktikak egingo ditu. Lehen baino gehixeago estutuko zaio agenda. GKEan laguntzen jarraituko du. Hitzaldiak emango ditu. Gimnasioan apuntatu da. Euskara ikasten jarraituko duen galdetuta, esan dit dudatan dagoela: gogorra egiten zaio iluntzeko ordutegian joatea, ostegun eta ostiraletan, baina beste aukerarik ez du...
15 egun ditut M. animatzeko, euskaltegiko ikastaroak urrian hasiko direnez.
Ikasturte berria eta bataila zaharrak!