EPILOGOA

Erabiltzailearen aurpegia Paulo Alberdi 2025eko abenduaren 2a

Euskaltzaindiaren Hiztegiak dioenez, epilogoa da «idazlan, antzezlan, hitzaldi edo kidekoei bukaeran eransten zaien zatia, lanari buruzko laburpen edo azalpenak ematen dituena». Testu hau, irakurle, epilogo bat duzu. Uriolako etapa ixteko azken bala.

Jon Intxaurragak gonbidatu ninduen Uriolan idaztera, 2021eko apirilean. Orain haren hasierako mezura itzuli naiz, eta berrirakurri dut nola limurtu ninduen «zure luma fina ondo etorriko zaigu Uriolan». Jon beti izan da saltzaile trebea, eta ondo zekien halako hitz goxoak jasota ez niola ezetzik esango.

Orduz geroztik lau urte luze igaro dira. Tarte horretan, ezagutu ditut Uriolan Nerea, Maite, Axular eta Maider. Egiari zor, ezagutu Maite Txintxurreta soilik egin dut, eta, haren ingurukoek konfirmatuko dutenez, erraza da Bergarakuakin ondo eroatia. Besteak emailaren bestaldean baizik ez ditut irakurri, baina haiei guztiei nire esker ona txoko honetan egindako lanagatik.

Ibilian-ibilian animatu nituen Uriolan idaztera Julen Pagazaurtundua eta Atxarte Salvador. Hitz goxorik jaso gabe, nik ez baitut salmentarako balio, baietz esan zidaten. Beti edozertarako prest dagoen jendearekin elkartzearen pagotxa. Inoiz eta inon beste proiekturen batean murgiltzen banaiz, ondoan nahi ditut biak.

Last but not least, ezin aipatu gabe utzi Ander Anakabe. Berak azaldu zidan Berbaizu zer den, zenbat adar dituen eta zelako lana egiten duten bertan. Esan gabe doa, dirua banatzen dutenak jabetu ez arren, Bilbon oso beharrezkoak ditugula Berbaizu, Uriola, Prest, Bira eta antzekoak.

Uriolako nire komunitatea: Jon, Maite, Julen, Atxarte, Ander… Txikia baina kategoriakoa. Lau urte igaro ditugu elkarrekin, korrontearen kontra, euskarak Bilbon leku zabalagoa izan dezan. Ez dakit gure ekarpena handia ala txikia izan den, baina, atzera begiratuta, etapa ederra izan da Uriolakoa.

Epilogo hau izan dadila nire esker onaren aitortza.