Espero gabeko 2. saria jaso du Piztiak konpartsa antiespezistaren lanak 2023ko Bilboko Aratusteetan. Konpartsakideak toreatzaile langabetuz mozorratu, eta aldarrikapen antitaurinoak festarekin batu dituzte giro ederrean.
Piztiak 10 urte betetzear den honetan, toreatzaile langabetuen taldeak xehetasun osoz landutako proposamena ekarri du Bilboko kaleetara. Jantzia, eskuz egina hotzetik babesteko kirol arroparekin, egiteko erraza bezain dotorea dute, baita Lanbide irudikatzeko 6 metro luze bider 2 metro altuko egitura higikorra, Chayaneren bertsioa den abesti-koreografia eta pegatinak ere.
Larunbateko mozorro txapelketa, baina, Bilboko Aratusteen atal bat baino ez da izan. Konpartsakideak aste osoan zehar ibili dira batera eta bestera ekintzak antolatzen eta horietan parte hartzen. Esate baterako, igandeko tostada lehiaketan, garaipena lortzear izan ziren, 4. postua eskuratuta, baina 3. geratu zen taldearen puntu kopuru berberarekin.
“Aktibismoa izan da sormenaren motorra”, dio Marta Vizcaya piztikideak, “gure konpartsa gizakiz besteko animaliei laguntzeko helburu garbiaz sortu zen, eta, hamarkada bat beranduago bada ere, animalion askapena lortzeko lanean dihardugu”. Hori dela eta, aurtengo aratusteetan zezen-plazetako jarduna salatu nahi izan dute, “toreatzaileak langabeziara bidalita, benetako lan bat aurki dezaten”, diote.