Abenduaren 17 honetan, Bilboko Azoka Beganoa antolatu zuen Piztiak-Animalistak kolektiboak, inguruko hainbat eragile, saltoki eta norbanakok lagunduta Zorrotzaurreko La Terminal esparruan. Goizeko 10:00etan ateak ireki, eta iluntzera arte luzatu zen ekitaldia. Jardunaldi osoan zehar, saltokien mahaietan erosi, elkarte eta santutegien standetan informatu, txiki-txokoan jolastu, @aialarojo ren tatuaje bat lortu, Gurean dokumentala ikusi, janaria beroa dastatu, @pausax-en zuzeneko musikaz gozatu, eta beste hainbat jarduera bildu ziren BABean.
Horrez gain, hitzaldi sorta bat izan zen bertaratutakoen jakinmin anitzak asetzeko. Horietako lehenengoan, Mariak, La Vida Color Frambuesa santutegiko arduradunetako batek, aurkezpen informatibo-hezitzailea egin zuen. Santutegi horretan, gizakiz besteko 100 izaki baino gehiago zaintzen dituzte bi pertsonen artean, eta Mariak santutegiek egiten duten lanaren berri eman zigun.
Goizeko 11:00ak aldera, Feumve elkarteak adin txikikoek eta euren familiek ikasketa zentroetako jatetxeetan aukera beganoak lortzeko borrokari buruz aritu ziren, eta Mireiak, @mimamivegana influencerrak, euskal egoera Britainia Handikoarekin alderatu zuen, non aukera beganoak erabat integratuta dauden.
Ondoren, Oscar Horta filosofo galiziarrak bere liburua Un paso adelante en defensa de los animales aurkeztu, eta gizakiz besteko animaliei laguntzeko jarraibide batzuk eman zizkigun.
Bazkalorduaren aurretik, Sukaldikaseko Ana Beltranek show cooking bat antolatu zuen eguberritako kanape batzuk nola prestatu erakusteko.
Hona hemen partaideen zerrenda, eskerrak eman nahi dizkiegu eta:
- 824
- Aida ALC
- Con eco
- Feumve
- Jana Modinos
- Nor
- Uluka
- Veer
- Veggira
- @pausax (veggiesexysax)