Gu gara, bai! Eguenero Zazpi Kaleetako "Iñaki'ren tabernan" elkartzen garen zaletik laritik baino bertsoarekiko atxikimendu ukaezina dugun lagun kuadrila; ez gara, gainera, atzodanik kaiola berean biltzen jarduten dugun txoriak: 15 bat urte joan dira dagoeneko gure txioak entzunarazten (edo) hasi ginenetik; nor bere amaren sabeleko eta pelaje ezberdineko zozo zein bele, baina guztiok ipur-beltz! Ostegunero, afari legea egin ondoren, gure baitako sentimentu, ezin, nahi, kezka, arrangura eta gainontzeko, bertso-kantuaren bitartez plazaratzen ditugunok; buruak baino aburu gehiago sarritan, baina bizipoza nagusi.
Ezohiko eskola osatzen dugulakoan gaude, nork bere eskola baitakar; ez dugu pupitre, arbel edota apunterik baliatzen. Badakigu, jakin, bakoitzak bere lantxoa egiten dugula, ahal dugun mementoa aprobetxatuz eta eguenero saiatzen garela ikasi, landu eta aurkitu dugun berrikuntzatxo hori mahaigaineratzen. Badaude (nola ez!) maila desberdinak gure artean, baina inor ez zapaltzean eta nehor zapaldua izan ez dadinean oinarritzen da gure jarduera. Beno, ez gara sobera luzatuko, astero- astero Uriolak ematen digun txokoa elikatzeko asmoa baitugu. Zorionak eta milesker uriolatarroi!
Dakikezuenez hasi dira Bizkaiko Txapelketako eskualdetako kanporaketak; Hego-Uriberi dagokionez 12 partaidetik 4 dira gure Potojorrankide. Eta honek, sentsazio gazi-gozoa ekarri eta berpentsatzeko motiboa eman digu; galderak asko izan litezke, baina bakar batean laburbilduko ditugu: zer da gertatzen ari kanporaketaren formulazioarekin? Dena den, joan den ostiralean, hilak 4, Arrigorriagan izan ginen, bertan kantatzen baitzuen gure "Guti"k: goresmenak zuri, lagun zahar! Kasu: gainontzekoak ere bertsolari portatu ziren... baina Guti gureago da, bat-batean kantatu zuen eta ideia berritzaileren bat edo beste plazaratu zigun. 50 bat lagun bildu ginen bertara eta "Ez dot sinisten" elkartekoak inpekable portatu zitzaizkigun. Zinez, zorionak beraientzat! Gauza bakarra bota genuen faltan: gure hedabideetan ez genuen saioari buruzko inolako aipamenik entzun- irakurri- ikusi.
Eta helduden ostegunean, hilak 10, bigarren saioa daukagu Santutxuko "Garoa" txokoan (Herrikotik hurbil), arratsaldeko 19,00etan. Sei artista, sortzaile, izango dira bertan eta hiru, gure Potojorrankide: Axier, Ioseba eta Mikel; puntuazioak bost digun arren, irabaztera goaz! Beraz, Bilboko bertsozale zaren hori, ez lotsatu eta zatoz gurekin oinarrizko bertsoaren mundu magikoarekin gozatzera. Ez zaizu damutuko!
Izan uros! Datorren astean gehiago.