Zergaitik ibiltzen nazan bertsotan

Zortziko nagusian

Putopototik ailegatu jat eginkizun honen soka,
zeozer pentsa eta idatzi; ganera moldau bertsoka.
Bada: zergatik egin bertsotan? Itaune hortxe dot topa:
Gauza guztien moduen honek zeregin asko deko-ta.
 
Bat-batekoan estuasunak ni errez hunkitu naike,
hasi kantuen zelan segidu dagoala hain aparte.
Bidea bila, bidea topa... eta dana derrepente:
Futbolan legez ezer finkorik ez dago gertatu arte. 
 
Ondokoana entzundakoan zuk zeureari eraso.
Ondokoana ederra bazan zuk hobea gura jaso.
Edozelan be barruan zein da itxaropena akaso:
Zureaz gozau, eta ahal bada zureaz be gozarazo
 
Botatzen hasi ta ideia da galtzerdi zaharren antzeko
molde itxian bildu behar da polit-polita emoteko.
Itsusi urten ezkero ahaztu behar da bota daneko.
Txarrak ahiztu atoan onak atoan erakartzeko
 
Batzu-batzutan bertso on-onak gauzatzen dau ariketa,
buruan dozun amaiereak jartzen zaitu irribarreka.
Tamalez labur izaten dogu gozatzeko dogun beta.
Segundu batez gozau behar da hurrengoa dator-eta
 
Hona sei bertso nire gogoeta ipintzeko ageriko.
Ez dot agintzen, baina, horrela izango danik betiko
bertso gitxitxo dala izango da norbaiten iritziko...
larregi izan ezkero lasai! erdia leidu ta kito.