Ostirale iluntzean
aitzakia zela Mauri,
gure Iñakiren taberna
bihurtu zen bertso kabi.
Familia ta lagunak
hain sentibera, hain adi,
aurrean genituela
Sustrai, Igor bertsolari,
Sustrai, Igor bertsolari.
Ametsa, etorkizuna,
euskara ziren nabari;
umorea ta ziria
jira-biraka dantzari.
Potojorran-kideentzat
hau txapela eta sari,
zeren entzulea izan zen
taupada ta omenaldi.