Larunbatean mendi bidean
aldapari ezin eutsi
halako baten lurrera jausi
eta begi biak itxi
eguzkiaren bide zuzena
zenuen horrela hautsi:
inortxori be abisa barik
Ze formalidade gutxi!
Bizi osoan beti nonogaz
afari, saio, bilkuran
handikiagaz edo xeheagaz
euskaldunagaz aukeran.
Azken pausoa bakardadean
gizaki hutsaren eran
hara pertsona eta laguna
zertan desberdintzen diran.
Gaztetan LAIAn modu alaian
Transizioko neguan
danok ezarri gura gintuzun
ezkertiarren zeruan
koherentea ala zurruna
politikagaz buruan
Bakunin bera burgesagaitik
lotsaraziko zenuan.
Bertsozalea bertsolarria
bertsoetan beti busti
eguenero bertso afaria
txupitoaz eta guzti
Nafarroako ikutuagaz
kantetan zenue ezti
bertso ederrak eiten zenitun
bere poto eta guzti
Geure bertsoen epaile zorrotz
esanez “¡hay que mejorar!”
erdipurdiko bertso baten truk
entzunaz dozenerdi txar.
Baina gauza bat ikasi dugu
urte guztiotan zehar
koadrodun alkandorak jantzita
dabilela hainbat oilar.
Potojorran da zalantza barik
zure kemenaren seme
hantxe “hembra” bat bihur ziteken
segundu batean eme.
Maketo eta espainolekin
zarata, ulu, aiene
garraxi batez aztoratzeko
RH eta gene.
Txikitoa zen holangoetan
zeure pakearen pipa
beti euskaraz ta euskaratik
gozamenari segika.
Lagun denontzat bostekoa prest
eta etsaiei haginka
infernutik at bidali baietz
bakarren batzuk korrika.