Urumearen ertzean hasi
ta Ibaizabal ertzera,
uhinez uhin zabaldu zara
irratiz hainbat etxera.
Bilbo hirira iritsi zinen
geure irratia ontzera
eta orain zeu zaude ixilik
lehengo irratien antzera
nahi baino askoz lehenago joanik
Apolorekin batzera.
Esatari fin, kazetari on
ta kalegizon aparta
Txakur kalean Txakurton eta
Erriberan zara falta.
Hizpidearen jostun fidela
horixe zen zure marka
entzule eta lagunok gaude
injustizi denen aurka
ta zuk horren goiz alde egina
da injustizi galanta.
Mendian edo kalean izan
euskara beti apunto
Larotahamasei puntu zero zen
zure diala ta punto
Magazinetan goizez jorratuz
zabal hamaika asunto
nahiz eta ahots hutsune latzaz
guztiok garen lekuko
zuk hasitako uhina ez da,
Mieltxo, bela galduko.