Mauri - Apolo bertso sariketa 2016: Abarkas nagusi

Eneko Abasolo "Abarkas" edo "Txikitin" nagusitu zen Mauri - Apolo bertso sariketaren lehen ekitaldian. Potojorran Bertso Eskolak gugan gauden baina faltan ditugun Maurizio Iruretagoiena eta Jabi Lauzurika "Apolo" lagunen omenez ospatu zuen lehen sariketa hau, Iñakiren Tabernan, barikuz, apirilak 8.

Ia hiru dozena entzule bertan zirela, apirilak 8an ospatu zen Mauri Apolo Bertso Sariketaren lehen ekitaldia Barrenkale Barreneko Iñakiren tabernan. Lau partaide izan dira aurtengo edizioan gonbidatuak eta euretan gazteena nagusitu zen, Iurretako Eneko Abasolo "Abarkas" -"Txikitin".

40 urte eta egun bat betetzen zituen egunean (Zorionak!), aurre hartu zien, hurrenez hurren, Mikel Galartza, Joseba Barandiaran eta Axier Goñiri, ohi duen bertsokera dotore eta sendoarekin.

Bertso eskola antolatzaileari ohore eginez, ez zen potorik falta izan saioan; baina ezta bertso dotorerik ere. Gaiak jartzen fin ibili zen, ikastarorik egin ez arren, Ainhoa Markinez. Zoroetxe honetan zororik onartzen ez den erakusgarri, bertsolari baino epaile gehiago izan ziren ekitaldian. Kafe Antzokiko lagunez gain, Mauri eta Apoloren seniderik ere ez zen falta izan afarian.

Partehartzaileek Adur Larrearen karikatura dotore bana jaso zuten sariketaren oroigarri.