Irriparrea ahoan
zenbat adarjotze mota
bertso-metrailetarekin
Mauri munduaren kontra!
Karajillozko errimen
etengabeko borroka
euskara ta Euskal Herria
bizi hintuen borborka.
Lagunen laguna beti
etsaiak ez du inporta
Zarautzen bilbotar peto
Bilbon guztioi mokoka
Orain hi barrezka hago
guztioi adarra jota:
azken punturik bota ez
ta nola egin duk ospa!?
Zer dala-eta eten hau
hire bertso-emarian?
Beharbada liatu haiz
“Nekane”n ala “K-2”an…
…igual Haritz anaiari
zor zaion bisitaldian…
“Barduloak” berpizteko
ahaleginetan agian…
Hiretzat beste puntu bat
prestatuz goaz abian
ederto dakigulako
hire pozaren harian
berriz eukiko haugula
gure ingurumarian
“Iñakiren Taberna”ko
egueneroko afarian