Bortzirietan 'Potojorran' bertsotruk

Doinua: Haizea dator iparraldetik

 

Bidasoako Bera herrian

genuen jarria zita

Bortzirietako eskolen lehiak

merezi zuen bixita

‘Bertsotruk’ leloz zen ekimena

aitzakiatzat jarrita

‘Potojorran’ek bidali zuen

ordezkaritza polita

antolaketa eta eguna

zetozen galaz jantzita

ta gutxiago ezin ba izan

bertsotarako irrika

eta langintzan hogeitapiku

norgehiagokan zer kinka

gure ‘Abarkas’ ondo aritu zen

gainontzekoak ezinka.

 

Berako ‘Xugan’ tabernak hartu

zuen lehen final-laurdena

hots 3 G-ak finalerditik

kanpo utzi gintuena

gauza berbera Mungitar ixko

biei pasa zitzaiena

begibistan zen -onartu txantxa-

tongo-aperitifa zena

bazkari ederrak berdindu zigun

mikro aurreko errena

gero kafeaz Lesakaraino

Bidasoatik barrena

finalerako 6 txartel zeuden

taldeka lehian hurrena

giro goxoan bertsoz girotu

zuten ‘Zialdo’ taberna.

 

‘Zialdo’ ziaro berotu eta

‘Haizegoa’ra joateko

hego haizeak hartu gintuen

trago luzeen menpeko

‘Abarkas’ jada finalista zen

postre-tongoa tarteko

norbaiek zion “bazun garaia

final batean sartzeko”

final erdien bigarrengoa

ere joan zen antzeko

ta honenbestez final haundia

zerrendatu zen konpleto

ta ez geundenez trago-luzeen

martxa asko luzatzeko

‘Arrano’raino joan ginen sabel

ta mingainak dantzatzeko

 

Eguerdiz Beran eman ziguten

doan ta txukun bazkaltzen

orain ‘Arranon’ are hobeto

kategorian afaltzen

postre garaian 6 finalistak

hasiaz oholtzaratzen

“ Ze hirukote gailenduko da?”

galdera hasi zen gailentzen

Etxabe,Abarkas, ta Zelaieta

hasi ziren nabarmentzen

ateraldiak ta habanerak

‘Abarkas’ puntuak batzen

ah! agurrean poto egin zuen

nahiz ta nahigabe izan zen

biba! ze ez da ‘Potojorran’en

‘potogabe’rik onartzen

 

Ta horrenbestez berediktoa

‘Dalton anaien’ kartela

‘Abarkas’ eta bere kideak

txapela bana zutela

‘Kotto-Saria’, bertso onena

Xabi Maiaren itzela

“lehia” bukatu eta piztu zen

parrandarako kandela

ta ni testigu goizalderaino

bertso-goserik bazela

laburbilduaz hartu gintuzten

goxo etxeko bezela

guztia bikain antolatua

uste dut esan leikela

Bortzirietako Bertso Eskolak

merezi zula txapela.