Zaharrak berri (eta nagusi), beraz: hiru dozena entzule, Mauri Apolo Bertso Sariketaren bigarren ekitaldian, Barrenkale Barreneko Iñakiren tabernan. Aurtengo lau partaide gonbidatuak, ordura arteko txapelduna baino gazteagoak ere hirurak, baina zaharra nagusitu berriz: Iurretako Eneko Abasolo "Abarkas"-"Txikitin" (Apolo dixit).
Ale politak utzi zituzten besteek ere, bigarren egin zuen Aitor Esteban "Garrote"k, hirugarren egindako Malen Amenabarrek eta Arrigorriagako ordezkariak, laugarren egin zuen Arkaitz Zipitria "Zipi"k.
Bertso eskola antolatzailearen ohorea kaltetuz, ez zen potorik izan saioan. Honek publikoaren haserrea eragin zuen eta egon zen ordaintzeke alde egiteko mehatxua luzatu zuenik ere. Zoroetxe honetan ezin bada zoro (gehiago)-rik onartu.
Aurten ere gaiak jartzen fin ibili zen Ainhoa Markinez. Iazko aldean, ezagun du ikastaroak egiten ibili izana. Partehartzaileek Unai Iturriagak saritarako propio egindako lana jaso zuten, sariketaren oroigarri. Pagotxa.
Honatx Eneko Abasoloren, 2017ko txapeldunaren, azken agurra (doinua gogoan ez dugunez, Mutil koxkor bat erabili dezakezue, Txikitin ere horixe baita, mutil koxkor bat):
Ilusioak gaina jo dauzta
pozik nagoela jakin,
bertso kontuan berdina baita
gure edade ta adin.
Beraz txapeldun atera naiz ta
bihotzak pozez zenbat min,
baina guztia nik ez dut eman
ta egiten dautsuet zin
atzetik daukat hauxe esaten
"hay que mejorar, Txikitin!".
Mauri-Apolo bertso sariketaren palmaresa
2016 (apirilak 8): 1. Abarkas 2. Mikel Galartza 3. Joseba Barandiaran 4. Axier Goñi
2017 (martxoak 31): 1. Abarkas 2. Aitor Esteban "Garrote" 3. Malen Amenabar 4. Arkaitz Zipitria "Zipi"
JARRAITUKO DU, PREFOSTA!