200 urte eta ezin aurreratu

Bi mende gertu dituen bertso-papera sareratu berri du Info7 irratiak, bertso-paperak bigarren mailan jartzen ote ditugun hausnarrean. Donostiako jaiei buruzko sorta horietan, zehazki, zezenen aipamena egiten da, oraindik orain galdeketa bat egin ez egin ibili duten gaiaz. Bi mende joan dira baina, aurreratu, gutxi. Doinua: Zortzikoa eta Lagundurikan denoi.

 

1832ko bertsoa (zortzicoa):

Egun pozcarria da

Ostegun guizena,

Ala jarri zioten

Berari icena.

Batetic dantzariac

Bestetik cezena,

Alegra diteque gaur

Atzo triste cena.

 

2017ko bertsoa (Lagundurikan denoi):

Bi mende ez ote da

epe bat itzela,

gizaki bakarraren

eskura ez dela.

Bistan da Inautea

orduan bazela,

zer aurreratu dugu?

atera erregela:

ustez Homo Sapiens

praktikan ergela.

 

Euskarak orain dauka

"batua" izena,

ortografian dugu

seinale gorena.

Baina mamira sartu

ta ez al da pena?

jostailutzat daukagu

oraindik zezena,

tradizio deituaz

basakeri dena.

 

Dantzari eutsi zaio

bertsoei ere bai,

zenbaitzuk zezenketa

egun ez dugu nahi.

Galdeketari ekin

ta Madrilek nanai,

baimenak eskatzea

morrontzen ardagai

belarrimotzak besteen

belarriak moztu nahi.

 

Festetan ez debeku,

ez abusu, ez zezen,

ez ditugu nahi eta

aitor daigun ozen.

Jaien ortografian

badugu nahiko sen,

popatik zezenketak

plazara geu goazen,

burujabetasunez

mozorro gaitezen.

 

KEYNES