Bilboko urari

Doinua: Txirrita hil dala

Bilboko urak ez gaituenez

oraindik behintzat gaixotu

sendabide lez berari bertso

batzuek jartzea otu.

Itxuraz garbi egonda ere

pozoia bertan gotortu

Bilboko ura ez da hain ona!

behingoagatik aitortu!

 

Ibaizabal du berez izena

Nerbioi deitu nahi arren

ez dakizue horra iritsi

aurretik ze polita den.

Izan liteke udaletxeko

kontuen ispilu garden:

polita egin nahi dute baina

ze zikinkeri dakarren.

 

Halan da ere ez suposatu

maite ez dudanik Bilbo,

bere kaletan galtzen naiz pozik

etorten naizen aldiro.

Baina ez dena ezin da izan

magia ez dut egingo,

ikasturtea hasten denean

itzuliko naiz berriro.

 

ZALDUNA