Gaurko egunien, Managua nolabait ikusite, baserri ingeruetan zer ete dauen jakin gure nauen eta oinez abiatu nentzen bideetan barrena. Lalengo ta behin errepidera urten nauen eta bertako trafiko zantarragaz laketu nentzen. Errepidetik baina, etxeak ikusten zirian; batzuk ederrak, handiak, harresi, alanbre eta atetzarragaz; bestiak barriz, txikerrak, apalak, soilak, gela bikoak edo. Danek arlotxuagaz baranoan, eta txikerretan ate gehienak zabalik. Seguruenera zer osturik ez eta horrek emoten dauan lasaitasunagaz. Orokorrean paisaia laua eta berdea, larrak eta hainbeste zuhaitz mota edonon. Zuhaitz batzuk dagoz handiak eta sarriak, kamino ondoan jarriak, azpitik kamioak eta autobusak pasateko moduen inausita dauzenak. Halango batean auzo moduko gune bat tope nauen, hau da hiru etxe alkarren ondoan eta autobus geltoki bat, eta etxeetako baten jatetxea iminda eukien. Bertan zegozer hartzen lotu nentzen.
Jatetxe xumea zan
eurena eraiki
zuhaitz baten azpian
toldoa ta guzti
plastikozko hiru mahai
eta hamaika aulki
Sei urteko neska bat
atian ondoan
telebista ikusten
era erosoan
amari oihu nagia
etorri atoan
Zeozer edateko
nik behar nebala
bere eskaintza esan
eustan berehala
laranja granadinaz
baino ez eukala
Pentsa neban "horixe
hartuko dot orain.
Samea freskatzeko,
etorko jat bikain".
Eta eseri nentzen
kopazoaren zain.
Tiesto antzeko baten
pajita ekarpen
zukua leiak ondo
eban hotzituten
euliak sahiesteko
plastikotxu baten
Ondoko mahian mutil
bat mauka ta mauka
jateko txarrikia
ei ebala hauta
kamioia errepidean
martxan aparkauta
Edariye amaitute, aurrera segitu nauen, eta beste bide batetik atzera etxera.