Nicaragua, Nicaraguita... Big Corn Island (Arto Uharte Handiye)

Nicaraguako Caribeko uhartetarik handiyena.

Matagalpan goizeko zazpiyek eta hogeitan, (sekula ez dot ikasiko orduek esaten ganoraz), autobuse hartu neuen eta Managuara itzuli nentzen. Aireporture zuzen. Bertan baztartxu baten dagoan terminalera parajetu, gosaldu ta gero noski, eta ordu batzuk itxoinda helizedun hegazkin batean Big Corn Island-eraino etorri nentzen.

Uharte txikerra da, bizikletan hiru bat orduten itzulia egin leikio errez, etapa barik.  Edo geldialdi pare bat eginda zegozer hartzeko. Sorburua sumendia edo izingo zan harri bola baltz asko dagozalako. Era berean baztarretan padura asko dekoz, batez be itsasoaren eraginez.

Corn Island dogu Caribe aldean
eta ez da hainbeste lur
bidetik urten arren ez dago
galtzeko bapere beldur
bertara joan ezien ez da
topatzie horren ziur
itsasoaren erdian dago
bere burutik oso hur

Bere inguruan hondartzak ditu
ohi dan legez Caribean
baso itxia bere badeko
bere barruko aldean
uharte laua da bere izatez
begiratuz gero hegan
mendi gailurrik garaiena da
ehun bat metroko altueran.

Animaliak ugari dekoz
itsastar ta lehortarrik
musker arraza asko ta igel
txiki, handi ta ertainik
behie, txakurre, katue eta
ahuntze deukez ezagunik
arratoiak ta saguak kenduz
ez dau patari ugaztunik.

Giza lagunak kokatzeko hamen
behin egin eban aukera
eta ondoren nola edo hala
bizimodua atera
leku txikie izanik ezin
zan egin oso aurrera
guzti-guztire ez dire heltzen
hamahiru mila izatera.

Aintzin aroko biztanleak ez
dira egun ezagunak
baina Afrikatik ekarri eurezan
esklabu azal ilunak
ta bertakotu ziran denboraz
hamen bizi ta jardunak
gehienak beltzak dira gaur hamen
eta ingeles hiztunak

Beste talde bat bizi da irlan
eta azaldu beharko
alde batetik erdi indio
bestetik erdi mulato
"Miskito" deitzen ei direz honeek
ta inglesa dakie bapo
honeek ostera gurago daure
gaztelera berbarako.


Guti Errez