Kartzelako gaian, lanetik bota eta sosik gabe etxera itzultzen denaren papera hartu zuen Oihana Bartra santutxuarrak. Saioan itxura ona eman eta gozatzen ari zen sentsazioa emanda, domekan Leitzan amaitu zen 2017ko Bertsolari Txapelketa berarentzat. Finalerdietarako txartelik, sosik edo lanik gabe, baina egindakoaz gustura antzean ziurrenik. Unai Agirrerekin batera ofizioka egindako 8ko txikiko lana hemen.
Oihana Iguaran nagusitu zen saioan, 714 punturekin. Epaileen artean izan zen Iñaki Aurrekoetxea santutxuarra ere. Iguaranen atzetik, Laburu, Apalategi, Soto eta Agirrek ere 670 puntutik gora eskuratu zituzten, orain arteko puntuazioetan altuenetakoak. 619,5 eskuratu zituen Bartrak. Honatx bere kartzelako lana.
Aurrerantzean, Bilboko ordezkaririk gabe burutuko da Bertsolari Txapelketa Nagusia. Eta hurrengo saioa, Zallan zapatuan jokatuko dena, Mimetiz frontoian, arratsaldeko 17:00etan hasita. Gipuzkoarrik gabeko txapelketako saio bakarra izango da gainera. Bertan lau bizkaitar izango dira kantuan: Eneko Abasolo "Abarkas" iurretarra, Jone Uria getxoztarra, Miren Amuriza berriztarra eta Onintza Enbeita muxikarra. Eurekin seikotea osatuz, Odei Barroso lapurtarra eta Oihane Perea gasteiztarra.