Amurizak Zalla du, Uriak zailago

Arg. Bertsoa.eus

Zallako Mimetiz pilotalekuan Bertsolari Txapelketa Nagusiko 4. final-laurdena. Miren Amurizak Zallako plaza gogoan hartuko du, saio txukuna egin eta finalerditarako txartela lortuta. Jone Uria izan da bigarren eta 662 punturekin zailagoa du, baina ez ezinezkoa, aurrera egitea. Abarkas potojorrankideak 5. egin du.

Bertso giro ederra Zallan. Streaming bidez ere igartzeko modukoa. Gaiak ematen Idoia Anzorandia, dotore eta, gaiak ere, aitzakiagabeak ez, oso egokiak. Txapelketa Nagusiko final laurdena eta, bertsoen maila, halakoxea, txapelketako gipuzkoarrik gabeko saio bakarrean. Irristadarik ez eta, arraioa, ezta poto bakar bat ere!

Miren Amurizak lan ederra egin zuen, 8ko txikitik aurrera bereziki. Odei Barroso turismo gidari pega-pega zihoan jubilatua izatetik, gainean jartzeko eskaintza egiteraino. "Komuneraino noa gozatzen neurez, amaitzen dodan arte itxaron mesedez" ere kantatu zion eta, saioa amaitu arte, publikoa gozarazi zuen berriztarrak. Kartzelako gaian ere inork baino hobe borobildu zuen jendea harri eta zur utziko zuen argazkiaren gaia: 82 urteko amona biluziaren selfia ekarrita.

Jone Uria ere ondo ibili zen. Lehertu gabe agian, baina bertsotan dotore. Amurizarekin egindako hamarreko txikian bereziki (8 urteko haurra ohekide duten gurasoen paperetik), baina baita lehenago lorategia konpontzen jardun zitzaion Barrosorekin ere. "Hurrengoan eskatu egin baino lehen" argi batekin erantzun zien lapurtarraren diru eskeei.

Barrosok etorkinen gaiari heldu zion kartzelan, aipatuena izan zen Kataluniako politikarien bidetik aparte. Argazkia bidali ez bidali zalantza ez zuen akaso behar bezala azaldu, baina 650 puntu potolo batu eta finalaurrekoetako atea muturren aurrean izango du.

Enbeita eta Abarkas ere txukun aritu ziren, goia jo gabe. Iurretarrarenak du meritu handiagoa, Potojorranen bueltan ibiltzearekin hartzen dituen arriskuak kontuan hartuta. Baina bi bertsolari oso bagoiz aldatzera behartu ditu trenak. Publikoaren bagoira igo daitezke bi-biak, egindakoarekin harro.

Oihane Pereak ere utzi zuen bere arrastoa. Puntuari erantzuten Errekaleor aipatu zuenean bereziki eta, kartzelan esan bezala, mozorrorik gabe kantatzen saiatuta. Erreharriaren pairamena ere gogoan izan zuen azken agurrean.

Bilbotik gertuenekotzat jotzen genituen Abarkas beraz lehiatik at, eta gainontzeko saiotara kalkuladora piztuta joan beharko da Jone Uria getxoztarra. Zer gerta ere.