Gizaki matematikoa

 Lehengo egunean Josebak esan

eban gauza bat apropos

gizakia ta matematika

ez datozela bat inoz

irakurrita musturra oker

imini neban nik gogoz

ta bertso batzuk imingo dodaz

ez nagoalako ados.

 

Gure Jainkoak ez eban egin

ateoa nazalako

Baina asmatu ebanak hartu

ebazan neurriak bapo

halabeharrez ala derrigor

ez gara edozelako

Vitrubio zaharrak marrazki baten

erakutsita edarto.

 

Esaterako hatz nagusia

hartu ezkero aukera

eukuinekotik ala ezkerretik

neurtuta goitik behera

zenbaki zehatz bat aterako

da horrexen arabera

ta neurri hori hain zuzen be da

morroiaren altuera.

 

Eskuarekin jarraitzekotan

fijatu behar da hara

ze neurri dekon eta zelanik

kointzidentziak atara

zentimetrotan ala xemetan

neurtu nahi dozun erara

ta bider hamar egin ezkero

barriro altuera da.

 

Ta eskuagaz segiko dogu

neurtzen dana jo ta su

la hatzamarrez egiten dozu

beherantza jo ezkero aizu

baina gorantza abiatuta

besaurrea hor jatortzu

ta esku ahurra sei aldiz egin

ta besaurrea daukazu.

 

Erakutsita nire ideia

emanda daturik frango

honen kontrako tesia eitea

ez da erreza izango

gorputz atalak gehiago dira

bular, sabel eta zango

askoz gehiago dagoz aukeran

baina nik ez dodaz eingo.

 Guti Errez