2013koa final gogoangarria izan zen. 8 bertsolari handi, BECtekada eta sentimentuak puri-purian, Intxaurrondotik zintzilik. Aitarena zen txapela amari eskaintzea zuen Amets, eta Arzallusek lortu zuen, lortu zuenez. Aurtengo finalistak ia berberak dira, Unairen abizen aldaketa salbu: Iturriagak txorrota moztu eta hiltzeko egun ederra iritzi zion 2013ko final hari; koleta moztu ordez patillak moztu balitu bezala; eta Agirrek irabazi du libre zen aulki jokoa. Besterik espero zen arren, generikoki eta generoekiko, diot, “top-kanta” bertsolariak lehengo bertsuak dira, beraz. Zortzikoteak jubilatzeko presarik duenik ez dirudi, Sarriegiren salbuespenarekin. Eta emaitza?
Potojorranen porra egin dugu: Porrajorran, alegia, 11 pronostiko ezberdinekin. 2013ko postuak errepikatuko balira (Agirrek Iturriagaren 6. postua betez), asko desbideratuko ote lirateke gure 11 kinielak orduko emaitzatik? Bada bai, dexente. 11 potojorrankideetatik bik baino ez dute uste Arzallusek bigarren txapela lortuko duenik. Aldiz, zazpik uste dute Lujanbiok egingo duela hori. Txapeldunetarako hautagaietan, aldiz, bi izen baino ez: Colina dio batek, Mendiluze besteak. Mendi artean dabiltza tiro urrunenak.
11 pronostikoen artean, hiru dira zehazki duela lau urteko postuetan hiru izen jarri dituztenak: Edu Casta, Goñi eta Single. Aldiz, badira lau kiniela, duela lau urteko postuetan inongo errepikapenik aurrikusten ez dutenak: Ainho-ainho, Abarkas, Ainara eta Barandi.
Ondoko grafikoan ikusi liteke, porrak eta duela lau urteko emaitzen artean, antzekotasun gutxi dagoela: pronostiko kontserbadoreena, aldaketa gutxien espero dutenak, Edu Casta eta Goñi dira. Barandi, Ainara eta Galartzak, aldiz, iraultza handiagoa aurrikusi dute.