Entzulego gaztea lagun, eurenak eta bi entzun behar izan zituzten C-2ko ikasle sufrituek. Gaueko onena, maixutasunez egindako afariaz gain, gaijartzailea izan zen: Erlantz Ibargurengoitia, Bilbo Hiria Irratiko esatari eta "Potto" programaren arduraduna. Basaurin kartzelatuta dagoen Alfredo Reminez txiolaria, @erreharria gogoan izan zuten bertsolariek.
Neguko merkatuan azken minutuko fitxaje gisa Aguraingo Oier Arbina hartuta, epelak bota zituzten atzo Potojorrankideek Xake Espazioan. Txipien tintaz hormak sinatuta utzi zituztela izango da, ziurrenik gaueko gertaerarik azpimarragarriena.
Zezenketetan bezala, 6 izan ziren 6, erasoa burutu zuten bertsolariak: Eneko Abasolo "Abarkas", Mikel Galartza "Kokakola", Ana "Single", Joseba "Barandi", Aitor Esteban "Garrote" eta Bilbon "Athletic eta kea" (sic) baino zerbait gehiago topatu zuen Oier Arbina aguraindarra.
Entzule, besteak beste, C-2 atera beharraz aparte Erlantz I. eta Ander A. (a ze bi!) moduko irakasleak jasan behar dituzten euskaltegiko ikasle gajoak izan ziren. Hutsuneen artean, @erreharriaz gain, atzo 42 urte (eta hurrengo urtean bat gutxiago, noski) betetzen zituen Axier Goñi aipatu behar. Giro beroa, saio arina eta, batez ere, eta eskerrak, laburra. Gaztelako esaera eraberrituak dion lez, "lo malo, si breve... se aguanta".
Bere maila eman zuen bakarra, duda barik, Erlantz Ibargurengoitia gaijartzailea izan zen. Dabiltzala argi Joana Itzaina, Zuriñe Iarritu eta enparauak. Mungiko (edo Plentziakoa zen?) bizardunak Olentzerok beste errekurtso ditu eta berdin ateratzen da haren poltsatik plastikozko azenario bat, edo Maskaradetarako txapel gisa balio ei duen katu panpina. Begiak estalita kantatu behar izan zioten objektuari bertsolariek gaueko ariketa txalotuenean. Belarriak estalita entzuteko gogoz izango zen bat baino gehiago.
Baina urtarrileko aldapa betean murgilduta izaki, bihar ere argituko du egunak eta potoak jarraituko du guztion babesle eta lagun. Hurrengo erasoa Arrigorriagako Arguian egiteko mehatxua ere zabaltzen ari da. Argi beraz; Ana "Single" Sizilian "gure gauzak" hedatzera joan aurretik entzuteko azken aukeretako bat izan liteke.
Biba bertsoa eta biba Apolo!