Andoni Egañak Apolori (2015eko uztailan) - transkripzioa

Doinua: itsasoari begira

 

Haizea dator Iparraldetik

mingostasunez betea;

ze gogorra den lagun on bati

agur terdi esatea.

Hik igual ez duk sinistu baina

maitea hintzen maitea.

Ene Apolo, kostako zaiguk

gertatu dena jatea;

ez duk normala lagun artetik

hi hain presaka joatea.

 

Irratiaren uhinek nonbait

ilargi sena dakarte;

mundu ziztrin hau konpondu nahian

zenbat hitz eta txolarte.

Kafe Antzokian bertsoa aitzakian

edo hemendik aparte,

hamaika aldiz hartu genian

gau sorginenetan parte,

goizeko lehen argi izpiek

begiak urratu arte.

 

Tonika nola gustatu ohi duk

ba hi ere berdin berdin;

lehen tragoa mikatza baina

gero apurka atsegin.

Denborarekin bihur ziteken

ezagupena maitemin.

Hau entzun bahu esango huken

“gaur be Egañak huts egin;

zergatik ez duk metafora hori

patxaranarekin egin?”.

 

Zenbat zuritik zenbat ziritik

hau da duda erauntsia.

Hain ona zen ta hain zen jatorra

holakotan inertzia.

Hintzen harixe jardun natzaiok

lokatzetara jeitsia;

hain xuxen ere horixe huen

utzitako herentzia:

Irreberente izatea duk

gure erreberentzia.

 

Baina lagunek ta familiak

aste gogorra jasana.

Eskeini digu zer oroitua

eman digu zer esana.

Lau bost bertsotan nola laburtu

hi guretzako hintzana.

Liturgiarik ez zekiagu

Te Deum edo Hossana.

Topa batekin ospa dezagun

noizbait topo egin izana.



ANDONI EGAÑA MAKAZAGA
(D)ON ANTONIO