Orkatz, igel ta sagu
bilbotarren babes,
nahiz askorentzat ez den
oso ezaguna, ez.
Diruaren logika
naturan aldrebes
baliotsua galduz
ongi zaindu ordez.
Pagasarriko uren
jauzi eta magal
negurako aterpe
udarako itzal.
Okilentzako egur
zomorroen ezpal
Bilboko naturgune
harro bezain apal.
Hondeamakinekin
hondamena ziur,
arana hondoratuz
ez lore, ez ezkur.
Bolintxu faltan gaude
soberan SuperSur
Bilboren gune berde
ederrena agur!
Castelló-ko aireportu
eredura joaz,
porlan ta eraikinen
handitze eroaz.
Bigarren terminal bat
diru publikoaz??
SuperSurren horixe
egitera doaz.
Bilbo hobeto dago
SuperSurrik gabe
Bolintxuko natura
oinarri ta habe,
Aldundia ez dugu
egiaren jabe:
nola eragin nahi gabe
hainbeste nahigabe?
Titaniozko hiria
berdegunez urri,
turista bete Bilbon
nor ez da inurri?
Abusutik Buiarantz
erreka bihurri,
bilbotarrontzat zara
gozamen iturri.
Garai batean bertan
zuen ”zerbezera”
ta “Tarzan” zerbitzari
denok asetzera.
Orain doaz Bolintxu
kolpez suntsitzera,
tximukeri galanta
“Txita”ren antzera.
Igerian hainbatek
han zuen ikasi,
nahiz Peñascalen edo
Boluetan hazi.
Lehentasunak krisian
zaizkigu nahasi
dirutan itoz gero
okerrago kasi.
Berrehun milioi euro
errepiderako,
pobreziatik ez du
inor aterako.
Gidarien bidea
lehengo antzerako,
naturzale ta herritar
xeheen kalterako.
Hamar bertso berritan
herri-lanon berri,
auto eta erregai
fosilen aberri.
Atzeraezineko
zenbat kalte larri,
Bolintxu eramanda
damua ekarri.
KEYNES