Asier Goñi gaijartzaile eta lau epaile zorrotz neurgailu zirela, kantukide zaharrenak eraman zuen aurtengo sari nagusia. Metraileta kamustuta zekarrela esan arren, Hodei Iruretagoiena bertsolari zarauztarrak ale politak utzi zituen, urtero lez Ibon Burgoak egokitu mikrofonoan. Bastoia eskuan zuela, makila gutxiago eta makulu gehiago aldarrikatu zituen kazetari zarauztarrak, metraileta zaharra tiroka jarri zuenetako batean. Edozein osaba harrotzeko moduko jarduna. Darponen lehengusuak ere kasu egiteraino, gaijartzaileak dotore zabaldu zituen ateetako batean jota.
Iñakiren Taberna lepo zela, belaunaldi ezberdinetako zale eta bertsolariak bertaratu ziren. Asier nagusia eta Bilbo Hiria Irratia izan ziren, putxera salmentez harago, saioaren babesle nagusi. Sariketa parekidean (eta Abarkas gabeko lehenengoan), Deustuko Maite Sarasolak lortu zuen bigarren saria. Apolo zenak bertso zaharrak nola kantatzen zizkion gogora ekarri zuen, gainera, juerga hitzetik hortzera zerabilen neskatiko deustuarrak.
Peru Irastorza algortarra "portaavionesa" herrian utzita etorri zen. Printza politak erakutsi zituen baina ALBEko dirudunen ordezkariak, hurrengo batean konkistatu beharko du Bilboko bertso-bunker zaharra. Etorria erakutsi zuen, ordea. Bada zerbait.
Arrigorriagatik etorri zena Maider Altuna izan zen. Kantukideetan gazteenak, duin baino hobe eutsi zion plaza beteko tentsioari. Aita baino lasaiago eutsi zion tenpleari eta potoari omen egiteko beta ere izan zuen gainera, tokiak eta konpainiak eskatzen zuenaren ildotik. Tokian tokikoa, prefosta.
Zorionak bada partehartzaile guztiei, Zarautz, Algorta, Deustu, Ixorreta, Durango, Arrigo, Lemoa eta beste nonahitik etorritako entzuleei eta, nola ez, kamiseta eta diskak partitzen ibilitako bertso esatari potosikotikoari ere. Bilbo Hiria Irratiak eta 96.0 dialaren oihartzunak ozen entzun ziren Barrenkale Barrenean; entzungorrak entzungor.
Hurrengo urtean (poto) gehiago eta, ahal bada (baino ez dago erraz), hobeto.
Egindakoaren damurik ez! Biba el bertso!